dotb.eus | Emozioz beteriko Argizaiola Sari banaketa

Justo Alberdi iurretarra, Jose Ramon Zengotitabengoa zaldibartarra, eta Carmen Belaza, Zaldibarko alkatearen ama, sarituen artean

img_4350

DURANGO.- Emozioa izan zen atzo gauean bizi izan zana San Agustin Kultur Gunean aurtengo Argizaiola sarien banaketan. Justo Alberdi iurretarra, Jaime Albillos, Kepa Mendia, Carmen Belaza, Patxika Erramuzpe ta Jose Ramon Zengotitabengoa izan ziren Argizaiolak omendu zituen inurriak.

Arlo ezberdinetako pertsona ugarik jaso dute orain arte Argizaiola saria: idazleak, kazetariak, musikariak, Ikerlariak, irakasleak e.a. Aurten, Argizaiola 25. aldiz eman dira. Orain arte sari hauek ezagunak diren pertsonei eman izan dira baina aurten Gerediaga Elkarteak euskal eta euskarazko munduan hainbeste lan egin duten “inurriei” ematea erabaki du. Nere Mujikak azaldu zuen bezala “gure herria inurrien herria da. Nik gaur eta hemen inurri lanaren transmisioa ere beharrezkoa dela aldarrikatu nahi dut”

Milaka izan ahal dira omenduak izan daitezkeen inurriak, baina denen izenean lurralde bakoitzeko pertsona batek jaso zuen saria atzo gauean.

img_4338
Justo Alberdi iurretarra

Bizkaitarren ordezkaria Justo Alberdi iurretarra izan zen. Gaztetatik Herri Gaztedi, Gerediaga, Mikel Deuna dantza taldea, Iurretako jai batzordeetan eta beste elkarte batzuetan herrigintza eta kulturgintza lanean aritu da. 1967an Iurretako ikastolako sorreran lagundu zuen eta urte askotan juntakide izandakoa. Euskalduntze-alfabetatze mugimenduko sorrerako partaide. Gau eskoletako irakasle Iurretan, Durangaldeko koordinadore ohia eta AEK-ko kidea izandakoa. Bertsolaritzaren bultzatzailea, herriko lehen bertso eskolako kidea, bertsolari elkarteko kide eta sorreran partaide izandakoa. Eta horrela bukatu zuen bere agerraldia, eskerrak eman ondoren bertso ba bota zuen.

img_4347
Jaime Albillos gipuzkoarren ordezkaria

Jaime Albillos, aldiz, gipuzkoarren ordezkaria bihurtu zen atzo. 50. eta 60.ko hamarkadan Donostiako Goizaldi dantza taldeko kidea izan zen. Bertan dantza maisua eta beste hainbat ardura izan zituen. Dantzari eta dantza maisu izateaz gain, euskal folklore ikertzea izan zuen gogoko eta ondorioz 60.ko hamarkadan hainbat dantza eta ohitura filmatu zituen Euskal Herrian zehar. Bizi guztian heraldika, banderak eta euskal sinboloak izan ditu bere iker eremu. Atzoko saria bere ilobei eskaini zien.

Arabatik Kepa Mendia heldu zen. 1976. urtean itzuli zen Gasteizera eta Olabide Ikastolako euskalduntze-alfabetatze taldearekin lanean hasi zen. 1977an Arabako AEK antolatzeko koordinadora hartan integratu zen. Hurrengo urteetan erakunde honetako hainbat eta hainbat ekitaldietako laguntzaile izan zen. Gaur egun euskarazko publizitatean eta merkataritzan erreferente bat bihurtu da.

img_4340
Carmen Belaza, Nafarroako inurria

Camen Belaza Nafarroako inurria izan zen. Antzerkia eta  Kulturarekiko duen konpromisoak eraman dio bere bizitza guztian bizitokia duen Iruñeako Arrotxapea auzoko herri mugimenduekin lan ugari burutzera. Ez du ezagutzen euskara, baina hizkuntz horretarantz duen aldeko jarrerak eraman zion 1976. urtean Iruñeako Errotxapeako ikastolako sortzailetariko bat izatera eta bere seme-alabak hizkuntza horretan hezitzera, eta horrela adierazi zuen atzo gauean “nire postazuna nire seme-alabak gure den hizkuntzan aritzea da”,  aipatu behar da, anekdota moduan, Zaldibarko alkatea den Arantza Baigorriren ama dela Carmen Belaza.

img_4345
Jose Ramon Zengotitabengoa, diasporaren ordezkaria

 

Jose Ramon Zengotitabengoak diasporaren  ordezkaria moduan jaso zuen saria baina benetan lotura eztua du Durangaldearekin. Zaldibar herrian 1938an jaioa eta Abadiñon hazia gaztetatik Ameriketara joan zen eta enpresa gizona bezala Chicagon aritu zen. “Society for Basque Studies in America” elkarteko bultzatzailea eta Ameriketatik proiektuaren babeslea.

img_4342
Patxika Erramuzpe Angeluko olerkaria

Azkenengo sariduna Patxika Erramuzpe izan zen Iparraldeko ordezkari moduan. Angelun bizi den olerkari honek lan kolektibotan plazaratu ditu bere olerkiak. 60ko hamarkadan Iparraldeko euskal kultur mugimenduko ekintzailea dugu Patxika. Hamarkada gatz hartako azken urteetan abeslari gisa plazaz plaza ibili zen. 1971 eta 1972an Manex Pagola, Pantxoa eta Pello, Ugutz Robles-Arangiz, Iñaki Urtziberea, Benito Lertxundi, Xabier Lete eta Lourdes Iriondorekin batera “Zapiribai” kantu-ikuskizunean parte hartu zuen eta 1975an, Ortziken izenekoan ere bai. 1976 eta 1979an disko txiki bi argitaratu zituen. Saria jasotzerakoan azaldu zuenez Angelun zabaldu berri den Manex Goihenetxe Kultur Etxean utziko du argizaiola “Angelun bizi naz eta Manex oso ondo ezagutu nuen, beraz, uste dut Argizaiolaren tokia hori dala”.

Gaurko egitaraua Durangoko Azokan

Gaur, abenduak 4, igandea, egunik potoloenetakoa izatea aurreikusten da eta hainbat ekitaldi eta ikuskizun egongo dira. Areto Nagusian Gogoetaren Plaza ekimenaren bigarren saioa izango da. 12:30ean Istorio bat… nola plazaratu solasaldia egongo da, Mikel Soto editore eta Irantzu Lekue artista plastikoaren eskutik. Arratsaldean ondarea izango dute mintzagai. 18:30ean Oier Gorosabel (ADES), Gaizka Aranguren (LABRIT), Teresa Lekumberri (Mintzoak) eta Amaia Mujika (Euskal Museoa) arituko dira, Maite Bidartek gidatuta.

Kabi@n azoka-egun guztietako egunik potoloenetakoa izango da biharkoa, hamalau jarduera izango dituztelako goizeko 11:00etatik 18:05ak arte. Besteak beste, Tirabirak transmedia proiektua aurkeztuko dute, Soka app aplikazioa, “Lehen urratsa” webdok-a eta abar.

Saguganbaran denetarik egongo da egun honetan. Goizean “Korrika Jokoa” aurkeztuko dute, “Urrezko giltza” ipuin kontaketa egongo da eta “Jo kako jo!” ikuskizuna. Arratsaldean “Ilargi arrantza” txotxongilo ikuskizuna eta ipuin kontaketa bi: “Ispilutxo” eta “Panpinak Aitorrentzat”, 18:00etan eta 19:00etan hurrenez hurren. Areto txikian ere hainbat tailer egongo dira.

Ahotsenean atseden hartzeko unerik gabe jarraituko dute, 11:00etatik 20:00ak arte. Zuzenekoen karpan Altxatu, Siroka, Begiz Begi, Labrit, Xabaltx, Guda Dantza… Solasaldien kasuan, besteak beste, honakoak: Peru Magdalena, Aitziber Etxeberria, Kirmen Uribe, Jon Arretxe…

Irudienearen kasuan hitzordu garrantzitsu bi izango ditugu. 12:30ean “Irrintziaren oihartzunak” dokumentalaren estreinaldia egongo da. Bertan egongo dira Iratxe Fresneda zuzendaria eta Saioa Etxebarria argazki zuzendaria, Mirentxu Loyartek gidatuta. 19:00etan beste proiektu interesgarri bat aurkeztuko dute, “Argi” filma. Iratxe Mediavilla zuzendaria eta June Gomez aktorea bertan egongo dira.

Szenatokian Azokako eskaintzarik potoloenetakoa egongo da bihar, 19:00etan: Xake Produkzioen “Mami Lebrun” antzezlana. Sarrera zortzi euroan salgai (“Francoren bilobari gutuna” antzezlanaren sarrera ere erosiz gero, 15 euro biak).

Eguna Plateruenan amaituko dugu, noski. Eta kontzertu potolo batekin: Hesian taldearen “10 urte, 11 gonbidatu” kontzertu berezia, gonbidatu pilo batekin. Sarrerak salgai zazpi euroan. Hitzordua 22:30ean izango da.

Horrez gain, egun osoan zehar “Marrazkeraz” Marrazkilari Euskaldunon Topagunea ospatuko da bihar, sketchcrawl filosofia jarraituz. 10:30ean izango da hitzordua Plateruena kanpoaldean, eta marrazteko hainbat puntu interesgarri zehaztuko dituzte. 18:00etan Kabi@n topaketaren amaierako hitzordua egingo dute, marraztutakoa komentatuz eta komunitatea saretuz. Saioa koordinatzen Euskalherria’s SketchCrawl-eko Gorka Belasko ariko da.

dotb Durangaldeko Telebista

Durangaldeko Informazioa eta Albisteak. Información y Noticias de Durangaldea

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Uso de cookies

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar los servicios y la experiencia de usuario. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información. ACEPTAR

Aviso de cookies