dotb.eus | Jon Pertikak jasoko du Teila Saria Merinalde Eguneko ekitaldien artean

Eskualdeko egitura politikoa ezagutzeko oinez egiteko ibilaldia eratu du Gerediaga Elkarteak
Jon Pertikak jasoko du aurtengo Teila Saria. Argazkia: Gerediaga Elkartea

DURANGALDEA.- Bi urterik behin ematen du Gerediaga Elkarteak Durangaldeko Teila Saria. Durangoko Merinaldeko kanpoko norbaiti egiten zaion omenaldia da, Durangaldearekin izan duen lotura aitortzeko eta eskualdearen alde egindako lana eskertzeko. Aurten Jon Pertikari emango dio, eskualdeko dantzak ezagutzera emateko egin duen lanaren eskerronez

Jon Pertika Basurtun jaioa da, 1937. urtean. Bizitza osoa eman du dantzari lotuta. Aita Bilboko Dindirri dantza taldeko sortzaileetako bat izan zen, eta Jon bertan hasi zen dantzan.. Jonek berak, 1968an, Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldea sortu zuen. Talde hau dinamizatzen eta zuzentzen eman ditu Jon Pertikak azken 50 urteak – datorren urtean, 2018an, ospatuko ditu taldeak urrezko ezteiak -.
Azpimarratzekoa da Jon Pertikak Bizkaiko dantzak berreskuratzen eta hauei ikusgarritasuna ematen egin duen lana. Dantzak jaioterri bakoitzean egin izan dituzten moduan, gehigarri eta apaingarri barik, plazaratzea gustatu izan zaio beti. Fideltasun horren adibidea da, esaterako, Durangaldeko Dantzari-dantza egiteko, janzkera ezezik Iurreta elizateko banderaren kopia bat egin zutela.
Jon Pertikak beti izan du Durangaldearekin gertuko harremana eta Gerediaga elkartearekin zein eskualdeko dantza taldeekin lankidetzan izan da sarri. Durangaldeko Dantzari-dantzaren enbaxadore handiena izan da. Euskal Herrian eta munduan zehar folklore jaialdi askotan parte hartu du Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldeak. Horri eskerrak, gurean dantzan ikasi eta Durangaldeko folklorea mundu zabalera eraman du.

1997. urtean eman zen lehenengoz saria. Gregorio Monreal, Pedro Mari Basañez, Adrian Zelaia, Karmele Goñi, Enrike Ibabe, Jose Angel Barrio Loa, Jose Luis Muñoyerro, Iñaki Garcia Camino eta Juanjo Morenok jaso dute orain arte oroigarria.

Datorren ekainaren 3an, Merinalde Eguneko ekitaldien artean egingo zaio omenaldia Jon Pertikari, eguerdiko 12:30ean izango da Gerediagako foru zelaiko San Salbatore ermitan. Teila eman aurretik, ikus-entzunezko laburren emanaldia izango da. Tartean dira, 30eko hamarkadan Zubiaurre anaiek egindako Garaiko jaietako dantzen irudiak, 20ko hamarkadako Berrizko dantzarien saio bat eta 1967. urteko irailaren 24an, Iurretan ospatu zen Durangaldeko lehen Ezpatadantzari Eguneko irudiak.
Azken biak Gerediaga elkarteko dokumentategian gordeta daude. Zubiaurre anaiek grabatutako irudiak, berriz, Bilboko Arte Ederretako Museoak utzitakoak dira. Zubiaurretarrak margolari ezezik zinemagintzan ere aritu ziren eta Bilboko pinakotekan dituzten irudien artean Garaiko jaietakoak ere badira.

Merinalde Eguna

Bestalde, Merinalde Eguna ospakizunen barnean aurten nobedade moduan, eskualdeko egitura politikoa ezagutzeko oinez egiteko ibilaldia eratu du Gerediaga Elkarteak.
Durangoko Merinaldeak bere erakunde politiko propioak izan zituen 1876. Urtean foruak deuseztatu ziren arte. Eskualdeko elizateetako alkateak Gerediagako foru-zelaian batu eta Merinaldeari eragiten zizkioten erabakiak hartzen zituzten.
“Gerediaga Elkarteak urteak daramatza eskualdearen historian garrantzitsua izan zen egitura bereziaren zabalkundean. Besteak beste, Merioaren Ibilbidea, eta Merinaldearen Egunean ibilbidearen zatirik instituzionala bisitatzeko proposamena egin dugu” adierazi dute Gerediagatik.

Momoitiotik Astolara
Bisitak lau geldiune izango ditu: bi Garain, San Joan Momoition eta udaletxean, eta Abadiñon beste biak, Gerediagako foru zelaian eta Astolako auzitegi-etxean.
• San Juan Momoition lehenengo mailako egitura sozio-politikoa ulertzeko aukera dago. Kofradien egiturak, sorrerak, funtzioak argi erakusten ditu lekuak.
• Garaiko udaletxean hurrengo egitura mailaren adibide garbia ikusi daiteke. Izan ere, kofradiak batuz elizateak sortu zirelako. Udaletxean bertan txuzoa, bandera eta eserleku zaharrak ikusi ahal izango dira bisitan.
• Gerediagako foru-zelaia da Durangaldeak izan zuen antolaketa politikoaren erdigunea. Bertan egiten ziren batzarretan, Merinaldeko elizateetako ordezkariek jesarlekua zutelako eta eskualdeko erabakiak hartzen zituztelako.
• Merioaren ibilbide murriztu honetan, laugarren eta azken geldiunea Astolako auzitegi-etxean egingo da. Korregidorearen etxea izan zen lekua, merinaldearen administrazio gorena. Kartzela ere bertan zegoen eta oraindik ere ikusi daiteko orduko ziega bat zelangoa zen.
Ibilbide gidatua, beraz, San Joan Momoitiotik Astolara egingo da, oinez eta goizeko 9etan hasita. Hala ere, kotxez San Joan Momoitiora igo nahi dutenentzat hitzordua izango da Astolan ordu erdi arinago (goizeko 8:30ean)

DOTB

Durangaldeko Informazioa eta Albisteak. Información y Noticias de Durangaldea

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Uso de cookies

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar los servicios y la experiencia de usuario. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información. ACEPTAR

Aviso de cookies