Euskara jendea gaitzat hartuta, esku-hartze artistiko bat egiteko urtebeteko beka izango du
DURANGO | Euskara jendea gaitzat hartuta esku hartze artistiko bat egitea zen aurtengo beka deialdiko zeregina, eta Irati Bazeta ilustratzaile abadiñarrak irabazi du, Harien isla izeneko proiektuarekin. Margogintzan oinarrituko da bere lana; dozena bat pieza sortzeko asmoa duela azaldu du, horiekin guztiekin erakusketa egin ahal izateko 60. Durangoko Azokan.
15.000 euroko beka da, eta Durangoko Udalarekin batera eskaintzen du Gerediaga Elkarteak. Bazetak azaldu duenez, margogintza umetatik landu izan du, eta bekaren deialdiaz jakitean aurkeztea erabaki zuen. Gaia dela-eta, euskarari buruz azken boladan hainbat hausnarketa konpartitu dituela aipatu du ilustratzaileak, eta ondorioz hainbat galdera sortu zaizkiola. “Nor da euskara jendea? Zer dakar euskara jendea izateak? Ba al dugu euskara jendea garenaren kontzientziarik? Euskaraz bizi edo euskarara heltzeko denok baliabide berak al ditugu? Zein egoeratan sentitu dugu hizkuntza estresa? Hainbat galderatan oinarri hartuta landutako proiektua da”, esplikatu du Bazetak. Beraz, proiektuaren bidez gogoeta horiek plazaratzea da bere helburua, eta gainera, sormen prozesuan herritarren partaidetza eskatzeko asmoa du.
Sormen beka “aukera paregabea” dela uste du irabazleak, eta aurkezpenean eskerrak eman dizkie antolatzaileei eta epaileei. Hurrengoek osatu dute epaimahaia: Garazi Arrizabalaga (Durangoko Museoko zuzendaria), Ismael Manterola (EHUko Arte EderrenFakultateko dekanoa), Oskia Huarte (Uharte Arte Garaikideko Zentroaren zuzendaria),
Marina Suarez eta Maite Mugerza (Tripak kolektiboko kideak), eta If Matxikote (Zapart Euskal Artisten Sareko kidea). Epaileen arabera, “proiektuaren argitasunagatik, deialdira ondo egokitzen delako eta hasiberria izanik lehen erakusketa egiteko aukera emango diolako” hautatu dute Bazetaren proiektua.
Zazpigarren beka deialdia
Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak sustatzen duten beka zazpigarren deialdira heldu da jadanik. Nerea Mujika Gerediagako presidenteak adierazi du sortzaile berrien bidelagun izateko nahia zutela. “Gazte jende asko nabaritzen genuen, arlo ezberdinetan, sortzeko gogoarekin, euskaraz eta euskaratik gainera. Eta horren erakusleiho baino gehiago izan nahi genuen”, bere esanetan. Atopia rol jokoen egitasmoa izan zen lehen bekaduna, eta geroztik Kai Nakairen diskoa, Bañolet ikus- ntzunezkoa, Ibai Aizpuruaren Barraka bideojokoa, Jon Ander Urrestiren Eukalyptus antzezlana eta Marramiau sorkuntza taldearen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesaila saritu dituzte.