Kexkatuta daude momentu honetan kide asko salatuta daudelako Correoseko eraikina okupatzegatik eta Udalari eskatu diote bide «irmo» horretatik ez jarraitzea
DURANGO | Olatz Gorritxategi eta Ander Sarriugarte DOTBeko Ondoan Dot saioan egon ziren pasadan martitzenean, Kaletik Gaztetxera mugimenduko ordezkari gisa, joan den abenduaren 6an Correosen eraikina okupatu eta egun batzuk geroago etxetik atera zituztenek azken aste hauetan gertatutakoa baloratu nahi izan dute. Duela hilabete bat baino indartsuago daudela aitortzen dute. Gogoratu dute Garai Jauregian biltzeko gune bat izan zutela, eta bertan, gauetik goizera, atea itxita aurkitu zutela oraindik materiala gordetzen duten lokalean.
Hala ere, kezkatuta daude kide asko salatu dituztelako, lau inguru, «baina ez dakigu jende gehiagok salaketarik jarriko duen datozen egunetan». Une honetan prozesu penala irekita dago usurpazio delitu batengatik. Durangoko Udalarekin hitz egin dute, «iruditzen zaigulako behin kalean gaudela jakin nahiko genukeela ea prozesu honekin modu pertsonal batean jarraitu nahi duten eta isun ekonomiko batekin modu errepresibo batean joan nahi duten. Udalaren eta alkatearen erantzuna izan da oso irmo jarraitzen dutela eta bide horretatik jarraituko dutela. Batzarra prozesu hau atzera botatzen saiatzen ari da, baina zaila ikusten dugu «, aitortu dute. «Neurri autoritario horiek salatzen ditugu, neurrigabeak izaten ari baitira herriko gazteen aurka», gaineratu dute.
Mugimenduak uste du Udalak «irmo» kudeatzea erabaki duela Durangoko gazte askok eskatzen duten beharrizan baten aurka.
Kaletik Gaztetxera elkarteak DOTBn aurreratu duenez, lanean jarraituko dute mezua zabaltzeko, Durangon euren proiektua azaltzeko, beraientzako espazio baten beharraz. «Jende askok ikusi du zein da guk nahi duguna eta horretan jarraituko dugu», azaldu dute. Udalarekin prest daude edozein momentuan jesarzeko baina «neurri oso mugatuak jartzen dizkigute». Jarduera gehiago lantzen jarraituko dutela adierazi dute, hala nola atzo ostirala izandako bertso saioa Goienkaleko Kebapean.