dotb Durangaldeko Telebista

Kubarako oinarrizko produktuen bilketa abiaraziko dute Durangaldean

Zapatuan bilketa-puntuak zabalduko dituzte Durangon, Zornotzan, Elorrion, Otxandion eta Abadiñon

Bilketa eguna datorren zapatuan izango da Durangaldean

DURANGALDEA | Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS), Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean, Kubarako oinarrizko produktuen bilketa jarri dute martxan datozen asteetarako. Antolatzaileen arabera, AEBek ezarritako blokeo inperialistak eragindako egoera “muturrekoa” da irlan, eta elkartasun internazionalista “premiazkoa” dela nabarmendu dute.

Apirilaren 24ra bitarte, Euskal Herriko 100 hezigune baino gehiagotan egingo dira jasoketak. Ondoren, apirilaren 25ean izango da bilketa nagusia: 93 herritan jarriko dira puntu ezberdinak oinarrizko produktuak jasotzeko.

Antolatzaileek gogorarazi dute zein diren behar diren produktuak, eta informazio hori zehaztuta dago Gedar hedabidean argitaratutako oharrean.

Durangaldeko Kontseilu Sozialistak eta IASek ere bat egin dute ekimenarekin. Datozen egunetan eskola ezberdinetan egingo dituzte jasoketak, eta apirilaren 25ean bilketa-puntuak jarriko dituzte Durangaldeko hainbat herritan. Antolatzaileek dei egin diete eragileei, elkarteei, negozioei eta norbanakoei euren ekarpena egitera, “Kubak hamarkadetan erakutsitako elkartasuna bueltatzeko unea” dela azpimarratuz.

EHKSren arabera, Kubaren egoera ez da “kasu isolatua”, eta Mendebaldeko potentzien krisi-testuinguruan “inperialismoaren oldarraldia” areagotu dela adierazi dute, Ekialde Hurbileko egoera aipatuaz. Horregatik, maiatzaren 1ean Iruñean egingo den mobilizaziora deitu dute, 12:30ean, NATOren, Europar Batasunaren eta sionismoaren aurka. Durangaldeko herrietan kotxe-kedadak antolatuko dituzte bertaratzeko.

Bilketa-puntuak

Durango

  • Andra Mari 11:00–14:00 / 17:00–19:00

Otxandio

  • Kontseilupean 12:00–15:00

Zornotza

  • Udaletxe plaza 11:00–14:00

Elorrio

  • Plazan eta Eroskin 10:00–13:00

Abadiño

  • Zelaieta (Lagun Toki parean) — 11:00–14:00
  • Matiena (BM parean) — 11:00–14:00
  • Eroski — 11:00–14:00

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.