Sa Colla de Portmany taldeak gonbidatuta eta abenduan Eivissako dantzariak Durangon izango dira

DURANGO | Asteburu honetan, Kriskitin dantza taldeko 25 gaztek osatutako ordezkaritza bat (19 dantzari, 4 txistulari, trikilaria eta panderojolea) Eivissara bidaiatuko du. Bidaiaren helburua III MOSTRA FOLKLÒRICA DE TARDOR jaialdian parte hartzea da, bertako Sa Colla de Portmany dantza taldearen gonbidapenari erantzunez.
Bihar azaroaren 1ean, domekan, Kriskitineko taldekideek dantza emanaldia eskainiko dute Eivissako Sant Antoni herriko plazan. Jaialdi honetan, Euskal Herriko folklorearen lagun erakutsiko dute, honako programa honekin:
-
Durangaldeko Dantza Dantza
-
Gipuzkoako Agurra
-
Arratiako Jotea
-
Kortesko Paloteaua
-
Lapurdiko Kaskarota
-
Lanestosako Uztai dantza
Trukea
Sa Colla de Portmany, Eivissako Sant Antoni herriko dantza taldea, 70. hamarkadaren erdialdean sortu zen, herriko lehenengo «colla» taldea bihurtuz. Gerora, taldea desagertu egin zen, baina 2014an kide batek bultzatuta berriro ere martxan jarri zen. Azken 12 urte hauetan, topera lanean ibili dira inguruko dantza, musika tresnak, jantziak eta usadioak biltzen, bultzatzen eta ikustarazten.
Gainera, duela urte bi, «La ballada a sa cova» izeneko jai herrikoia berreskuratu zuten, 150 urte inguru ospatu gabe egon eta gero. Jai hau kobazulo batean meza eta dantzaldi herrikoi bat eginez ospatzen dute.
Kultura-truke honen baitan, Sa Colla de Portmanyko dantzariak Durangon izango dira datorren abenduaren 7an. Kriskitin taldearen ohitura eta filosofiari jarraituz, kulturartekotasuna beti izan da garrantzitsua. Gure folklorea kanpoan erakustea eta beste herrialdeetako dantza eta musikak gurera ekartzea da helburu nagusietako bat. Truke hauek herrien arteko harremanak aberastu egiten dituztela uste du taldeak. Gainera, truke honetan, bi hizkuntzen presentzia eta aldarrikapena ere presente izango dira.


