Lanak zuzenean ikusi eta eskuratzeko aukera izango da goizean zehar

ELORRIO | Datorren igandean, ekainaren 9an, Elorrion Artisau eta Sortzaileen azoka ospatuko dute Urarka kalean. Aurtengoa zortzigarren edizioa izango da, urtero lez artea eta kulturaz beteko da Elorrioko Urarka kalea.
Artisau eta sortzaileen lanak zuzenean ikusi eta eskuratzeko aukera izango da 11:00etatik 14:30etara bitartean. Disziplina askotariko artisau eta sortzaileak izango dira bertan: keramika, zilarrezko bitxiak, artilea, tindaketa naturala, kosmetika naturala, ilustrazio lanak, makramea, bisuteria, ehungintza osagarriak, umeentzako arropak eta etxerako apaingarriak besteak beste.
Honez gain garagardo, talo postuak ere izango dira sabela asetzeko. Atxondoko Harrera elkartekoek ere eurek egindako pastak ekarriko dituzte. Azoka girotzeko zuzeneko musika egongo da 12:30ak aldera «Samba Badago’ taldearekin. Laukote honek «Sanba» doinuekin liluratuko gaitu.


