dotb Durangaldeko Telebista

Badator Durangoko Azokaren fantasia gaurtik aurrera!

Ateak goizeko 10:30ean zabalduko dira eta aurtengo edizioaren inaugurazio ekitaldia 12:00etan izango da San Agustín kulturgunean

Azokako ateak datorren asteazkenean zabaldu dira, goizeko 10:30ean

DURANGO | Ordu batzuk baino ez dira falta 58. Durangoko Azokari ekiteko. Bihar asteazkenena, 10:30ean irekiko dira Landako Guneko ateak, eta igandera bitartean euskal kulturaren epizentroa bilakatuko da. Badator sormena, badator magia, badator Durangoko Azokaren fantasia!

Abenduaren 6an, asteazkena, 12:00etan egingo da aurtengo edizioaren inaugurazio ekitaldia, Szenatokian (San Agustin kulturgunean). Antolatzaileek eta erakundeetako ordezkariek hartuko dute hitza, eta horrez gainera, sormenak ere izango du lekua. Izan ere, dantza, pintura eta musika uztartzen dituen DAMA arte performace-a estreinatuko dute Amaia Lejarreta artista plastikoak eta Janire Etxabe dantzari bertikalak.

Durangoko Azoka unibertso berezi bat da, irudimenez eta emozioz josirikoa, eta bere fantasiaren baitan harrapatzen zaitu. Aurtengo egitarauan 265 ekitaldi jaso dira, zein baino zein interesgarriagoak. Aurkezpenean esan bezala, ekintza sorta anitza, aktuala eta gaztea izango da, eta lehen eguna ere horren erakusgarri izango da. Sarrerako ekitaldia eta gero, gunez gune denerik topatuko du kulturazaleak. Esaterako:

– Ahotseneako solasaldien gunean (Musika Eskola) Esti Martinezek, Oihane Amantegik eta Bernardo Atxagak liburuak aurkeztuko dituzte. Ahotseneako zuzenekoetan (Plateruena) Nogen taldearen folk-rocka eta Esanezin proiektuaren pop melodikoa entzun ahalko dira; gainera Yogurinha Borovaren kontzertua fantasia hutsa izango da.

– Irudienean, dokumentalek hartuko dute protagonismoa, Gure Zirkuari buruzko lanaren aurrestreinaldiarekin, Bidasoa 2018-2023 filmaren solasaldiarekin eta Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri bat dokumental historikoaren emanaldiarekin.

– Kabia plaza digitalean, teknologia berrien eta errealitate birtualaren munduan barneratuko gara; adibidez, irakurketa errazten duen lupa bat aurkeztuko da, adimen artifizialaren geroaz hausnartuko da eta nerabeei lehen mugikorra noiz eta zelan eman kudeatzeko gida bat azalduko da.

– Saguganbaran, imajinaziorako txokoa izango dute haurrek eta familiek. Hizki Pizti, ikas dezagun irakurtzen eta idazten izeneko tailerrean parte hartu ahalko dute. Hiru libururen aurkezpenak eskainiko dira, eta ikuskizun bi ere bai: Euskelelea eta Iratxoen kantu sekretuak.

– Azkenik, arte eszenikoen lilura plazaratuko da Szenatokian (San Agustin kulturgunea). Taulelak konpainia durangarrak Euskaldungak obra estreinatuko du, eta Mikel Martinezen bakarrizketak umorez jantziko du aretoa.

Azokaren lehen eguneko programa osoa ikusteko: Abenduaren 6ko egitaraua Horrez gainera, Durangon zehar erakusketa eta ekimen ugari ere hasiko dira abenduaren 6an. Aipagarrietako bat Eskuahaldunak eskultoreen elkartearen erakusketa izango da, 80 artistaren 200 bat eskultura jasoko baititu. Lokalaren aurrean, Mikeldi obraren egurrezko erreplika bat ipiniko dute, 4 metroko altuerakoa; gaurtik hasita eraikiko dute Durangoko Institutuko Arte Ederren batxilergoko ikasleekin batera.

Muntaketa, azken txanpan: 4 kilometroko zuntz optikoa Euskaltelen eskutik Landako Gunea eta gainerako espazioak azokarako atontzen ari dira egunotan, muntaketa azken txanpan sartu delarik. Erakusmahaiak kokatu, seinaletika ezarri, argi ta soinu probak egin… lan guztiak martxa onean doaz. Behar teknikoen artean, esanguratsua da 4 kilometroko zuntz optikoa instalatu duela Euskaltelek. Zerbitzu horrek ahalbidetuta, kalitatezko konexioa bermatuko da zuzenekoen streaming emanaldietan eta standetako tramiteetan. Ez hori bakarrik, www.durangokoazoka.eus webgunean, orri bakoitzean 10.000 bisita jaso ahalko dira aldi berean, herritarrek egitaraua eta nobedadeak kontsultatu ditzaten. Beraz, zerbitzu garrantzitsua eskainiko da partaideentzat zein kulturazaleentzat.
Euskaltelek 20 urte baino gehiago daramatza Durangoko Azokarekin lankidetzan, eta antolatzaile taldeak konpromiso hori eskertu nahi du.

Datozen orduotan argitaletxe eta disketxeetako kideak ere Durangora etortzen hasiko dira, erakusmahaiak liburuz, diskoz eta beste makina bat produktuz hornitzeko. Horrela, Durangoko Azoka sormenez, irudimenez eta fantasiaz beteko da.

Doako autobusa

Bestalde, Durangoko Azokaren antolakuntzak garraio publikoa erabiltzeko gomendioa helarazi gura die herrira etorriko diren kulturazaleei. Autoa erabiliko dutenek, doako autobus zerbitzu bat izango dute aukeran, Iurretako autopista irteerako aparkalekuetatik Landako ondoko Olleria kaleraino. Autobus zerbitzua abenduaren 6tik 9ra, lau egunetan eskainiko da, 10:00etatik 20:00etara arte, ordu erdiro.
Durangoko Azokaren ordutegia 10:30etik 20:00etarakoa izango da. Hala ere, azken egunean, abenduaren 10ean, 18:00etan itxiko da.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.