50. Artzai Txakur Txapelketa, Baserri Eguna, Trashumantzia eta ardien eta txakurren jokabidearen ikerketa ekitaldien artean
DURANGALDEA.- Irailaren 16tik 18ra hainbat ekitaldi antolatu ditu Gerediaga Elkarteak Ardi Jaia 2016 ospatzeko. Artzai Txakur Txapelketa, Baserri Eguna, Trashumantzia edota ardien eta txakurren jokabidearen ikerketa ere topatuko ditugu hiru egunetako egitarauan.
Artzai Txakur Txapelketaren 50. urteurrena
Aurten Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketaren 50. urteurrena ospatzen da. Irailaren 17an Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketa egingo da Axpen, Anbotoren magalean. Herrialdekako txapelketak amaituta, iazko txapeldunarekin batera, herrialde bakoitzeko bi onenak sailkatu dira.
Egun berezia izango da: aurreko edizioetako txapeldunek parte hartuko dute ekitaldian, Gerediaga Elkarteak emango dien oroigarri-oparia jasotzen.
Jaia girotzeko, Durangaldeko Idiazabal gazta ekoizleen azoka egongo da, ardi arraza ezberdinak ezagutzeko erakusketa txikia atonduko da eta gaztetxoenei begira, txapa tailerra eta txirristan ibiltzeko “Latxine” ardi erraldoia ipiniko dute Axpeko plazan. Txapelketarako sarrera 4 eurotan salduko da eta ostean gazta eta ardoa doan dastatzeko aukera izango dute bisitariek.
Baserri Eguna eta Trashumantzia
Txapelketaz aparte, hiru egunetako egitaraua eratu da. Irailaren 16an eta 18an, Baserri Eguna eta Trashumantzia antolatu ditu Abadiñoko Udalak Alluitz Naturarekin batera. Irailaren 16an, ostiralean, Matiena auzoan herriko ekoizleen azoka egongo da eta horrekin batera, ume eta nagusientzat tailerrak. Igandean, berriz, irailaren 18an, Atxartetik Urkiolara trashumantzia ibilbidea egingo dute, nahi duenak parte hartzeko aukerarekin. Eta Urkiolan, familia guztiak parte hartzeko tailerrak izango dira
Ardien eta txakurren jokabidearen ikerketa
Edizio honetan ohikoa ez den gertakari bat ere izango da. Tolosako (Frantzia) Paul Sabatier unibertsitateko Animalien Ezagutzarako Ikerketa Zentruko (CRCA) ikertzaile talde batek 50. Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketa aprobetxatuko du parte hartzen duten ardien eta txakurren jokabidea grabatu eta “Animalien jokabidearen modelizazio matematikoa” ikerketan sakontzeko.
Dirudienez, taldean daudenean, ardiek barruko eta kanpoko estimulo ezberdinei erantzunez jokatzen dute eta horrek eragina dauka artaldean, itxuran zein mugimenduen noranzkoan. Matematikoki aztertzen den ereduari esker, artalde barruan informazio hori zelan transmititzen den ezagutzea eta honek artaldearen jokabidean zelan eragiten duen jakitea bilatzen du ikerketak.
Ikerketa proiektu hau Horizon H2020 Egitasmo europearraren barruan “Marie Curie” izeneko ekintzako bat da, eta beste bost erakundetako ikerlarien partehartzea dauka: Massachussets-en (AEB) Hampshire College-ko Animalien Ezagutzarako Departamentua, Madrileko Unibertsitatea, BCAM Matematika Aplikatuen Euskal Herriko Zentrua, Neiker-Tecnalia Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Institutua, eta AEPA Euskadiko Laguntza Txakurren Elkartea.