Gazteen mugimenduaren ustez «larrialdi egoeran gaude»

DURANGO.- Ernaik protesta berri bat abiatu du Durangaldean. Gazteen mugimenduak adierazi duenez «Abadiño eta Iurretan zehar hainbat eta hainbat multinazional eta supermerkatu kate ezarri dituzte azken urteetan, Durangoren inguruan gerriko komertzial erraldoia sortuz. Komertzio txikiari eta herri eredua eraikitzera bidean emandako pausuak dira hauek».
Ernaik azaldu duenez, «bertako langileentzat prekarietatea eta esplotazioa eguneroko ogia dira, hauetako asko gazteak direlarik. Urtarrilaren 4ean Simply-ko langileek hasiko duten greba horren adierazgarria da».
Azpimarratu dutenez «larrialdi egoeran gaude! Gure herriak eraldatzeko eta lana zein bizitzako esparru oro zeharkatzen dituen prekarietatea gainditzeko gazteok kalera!», horrela Ernaik gonbidapena luzatu du, datorren otsailaren 16an Bilbon izango den mobilizazioan parte hartzera.


