Gainera saltzen denaren %100 sortzailearentzat
DURANGO | Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Amankomunazgoaren arteko akordioari esker, azokan euren argitalpenak salgai izan nahi dituzten Durangaldeko sortzaileek eta erakundeek doan parte hartzeko aukera daukate “Durangaldeko argitalpenak” izena duen stand amankomunean.
Helbide fiskala Durangaldeko udalerriren batean duten sortzaileek, enpresek (argitaletxeek, disko etxeek, ekoizpen enpresek, banatzaileek), elkarteek edo erakunde ofizialen edo beste erakunde batzuen argitalpen zerbitzuek hartu ahal izango dute parte. Horrez gain, hurrengo bi baldintzetako bat ere bete beharko dute.
- Aurkeztutako produktuak Durangaldeko gaiei buruzkoak izatea, hizkuntza edozein dela.
- Euskarazko sorkuntza lanak edo elebidunak (hizkuntzetako bat euskara izanda)
Durangoko Azokan izena emateko epea zabalik dago irailaren 30era arte. Horretarako durangokoazoka.eus webgunean erakusketari moduan erregistratu behar da eta gero, partaidetza mota – kasu honetan Durangaldeko argitalpenak standean parte hartu nahi dela – adierazi.