Udalaren helburua pixkanaka herriko establezimendu gehienak ekimen honetan sartzea da, herritarrei euskara erabiltzeko gonbidapen aktiboa eskainiz

DURANGO | Durangoko Udalak «Euskaraz barra-barra» bereizgarria herriko hogei establezimendutan baino gehiagotan jarri dela iragarri du. Bereizgarri horrek adierazten du langile guztiek edo gehienek euskara ulertu eta hitz egiten dutela. Beraz, establezimendu horietan euskara erabiltzeko aukera bermatzen zaie bezeroei.
Herriko saltokiek, tabernek eta gainerako establezimenduek kanpainarekin bat egin eta «Euskaraz barra-barra» bereizgarria jartzeko aukera dute. Udalaren helburua pixkanaka herriko establezimendu gehienak ekimen honetan sartzea da, herritarrei herri osoan euskara erabiltzeko gonbidapen aktiboa luzatuz.
Kanpainan parte hartzeko, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jarri behar da online formularioaren bidez edo 630 47 43 32 telefonora deituz.
‘Euskaraz barra-barra’ egitasmoa Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak elkarlanean abiatu dute, eta marka bateratu eta unibertsal hori Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzea da asmoa.


