Horretarako mozioak plenoetan eztabaidatu dira Zaldibar, Elorrio, Mañaria, Izurtza, Abadiño edo Berrizen

DURANGALDEA | EH Bilduk osasun etxeetan dagoen «izugarrizko» profesional gabezia salatu nahi du. «Profesional batek, gainerakoen agendak bete behar izaten ditu edo egunerokotasunean 45 kontsulta izaten ditu. Egoera horretan ezinezkoa da pazienteei kalitatezko arreta bermatzea. Hainbat eta hainbat osasun etxeetan bizitza osoan izandako zerbitzuak ixten edo murrizten ari dira. Kontsulta presentzialak lortzea gero eta zailagoa izaten da. Atzerapenak nabarmen areagotu dira eta adinekoen eta kronikoen jarraipenerako gero eta zailtasun handiagoak daude. Gainera, herri txikietan medikura joateko beste herri edo hiri batera joan beharko dutela iragarri zuen Osasun Sailburuak», azaldu du EH Bilduk.
Hori dela eta honako puntuak eskatuko dituzte mozio bidez: urte osoan zehar, uda sasoian barne, osasun sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak bermatzea, lehentasunez mediku egoiliarren kontratazio-eredua aldatu dezala, kontratu egonkorrak eta lehen arretan euren garapen profesionalerako ibilbidea ahalbidetuko dutenak bermatuz eta azkenik, Lehen Arretarako eskaintzen duten mediku, erizain eta gainerako osasun profesional kopurua handitzea.
OSASUN BEHARREN AZTERKETA | Otsailean EH Bilduk akordioa sinatu zuen Legebiltzarrean Podemos-IU, EAJ eta PSErekin Durangaldeko osasun zerbitzuen beharrak aztertu eta neurriak planifikatzeko. Lanketa horien baitan Mañaria, Izurtza, Elorrio eta Durangoko udalek herrietako osasun beharrak aztertu eta antzematen zituzten beharren zerrenda bidali zioten Osasun Sailari, baina ez dute oraindik erantzunik edo bilera deialdirik izan. «Gogoratu behar da otsailean Osasun Sailak beharren azterketa Mankomunitatearen bitartez egingo zuela iragarri zuela, nahiz eta honek ez izan horretarako eskumenik. EH Bilduk Mankomunitateari bere eskumenetan aritzea eskatu zion, ez baita legegintzaldi honetan bereak ez diren eskumenetako gaietan iragarpenak egin dituen lehen aldia», gaineratu dute.


