dotb Durangaldeko Telebista

Erika eta Maialen, desenpatean txapeldunak Durangon

Helena Barrenetxeak ezin izan du irabazi, hala ere, aurrerapausu handia eman du durangarrak

Erika Mugartegik eta Maialen Aldazabalek garaipen handia lortu zuten atzo Durangoko Ezkurdi pilotalekuan

ZESTA PUNTA | Erika Mugartegik eta Maialen Aldazabalek garaipen handia lortu zuten atzo Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Frontoia lepo beteta, sarrerak aurrez agortuta eta ikusmina hain handia izanda, gai izan ziren egoerari buelta eman eta hasiera txarra zuzentzeko. Ez da batere erraza eta are gutxiago duten adinean. Hala ere lortu zuten, eta halakoxea izan zen ospakizuna. Emozioz betea. Zale guztiak zutik jarri ziren lau pilotariak zoriontzeko baina txaloak ez ziren izan soilik beraientzat, emakume puntista guztientzat baizik. Oraingoentzat eta beste garail zailago batzuetan, honako aukerarik izan ez zutenentzat. Emakumeen zesta-puntak pausu handi bat eman du Euskotren Winter Seriesarekin eta bigarren edizioak albiste on asko utzi dizkigu: joko-mailaren igoera, pilotari berrien freskotasuna eta publikoaren erantzun ikaragarria.

Esan bezala, partidaren hasiera ez zen izan erosoa bikote horiarentzat. Erika, gerora partidako onena izango zena, urduri atera zen kantxara. Asmatu ezinik. Eta egoera ondo aprobetxatu zuten aurkariek. Helena eta Arai seguru aritu ziren eta Durangoko aurrelariak tanto politak ere bukatu zituen aurrean (7-3). Baina apurka apurka, aurrelari markinarra jokoan sartzen hasi zen, konfiantza hartzen eta atzean Maialenek ondo lagundurik, partiduak hartua zuen inertzia etetea lortu zuten. Barrenetxeak eta Lejardik 4-5 tantuko aldea hartu zuten, baina setaren bukaerara arte ez zen diferentzia hori gehiago hazi (15-10).

Bigarren jokoan, 1-1, 2-2 eta 3-3 berdindu zuten, bikote marroiak abantaila hartu baina 7-7 berdintzea lortu dute horiek eta hortik aurrera, horiena izan zen nagusitasuna. Erikak min izugarria egin zuen, batez ere, pilota biziarekin. Benetako «misilak» bota zituen errebesez erreboteko hormara. Lejardik defentsa handia erakutsi behar izan zuen baina pilota gaitzak ere geratu zizkion errebotean Helenari. Helenak hormabikoz egin zuen 8-9koa baina partiduko tantua Erikarena izan zen. Piloteo gogorraren ondoren, markinarrak jokoan sartzeko aukera izan zuen, errebesez gogor atzeratu, aurrean pilota bilatu eta eskuinez horma-biko itzela bota zuen, pilota zabalean ezkutatuz (8-12). Marroiek ez zuten etsi eta Araik meritu handiko tantua egin zuen eskuinez, 11-14. Hala ere, seteko azkena, Mailen Aldazabalena izan zen, errebesez oso ondo jarritakoa: 11-15.

Azken jokoak bigarren setaren inertzia hartu zuen. Lehenengo tantua marroiek egin zuten (1-0) baina handik atzerako beste bostak, horiek. Partidu amaieran besarkada handi bat eman zioten elkarri Mugartegik eta Aldazabalek, eta zeruan dagoen izar berri bati eskeini zion txapela Berriatuko atzelariak. Ez izan zalantzarik, izar hori atzo irrifartsu baitago zerutik begira.

Finaleko galtzaileek normala da desilusioa izatea. Araik iaz lortu zuen txapela baina Helena Barrenetxeak ezin izan du irabazi. Hala ere, aurrerapausu handia eman du durangarrak. Duela bi urte eskaz, zesta-puntan aritzeko ganorazko frontoirik ere ez zeukan herrian eta orain, frontoia ez bakarrik, goi-mailako txapelketa ere badaukat, eta atzamar puntekin ikutu du garaipena. Hurrengoan izango da. Pazientzia eta lana.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.