dotb Durangaldeko Telebista

Helena Barrenetxea durangarra eta Arai Lejardi Euskotren Winter Seriesko finalera

Datorren astelehenean jokatuko dute Ihart-Maia bikoteari irabazi ondoren

Finala datorren astelehenean izango da

PILOTA | Helena Barrenetxeak eta Arai Lejardik Euskotren Winter Seriesko txapela berritzeko aukera izango dute, datorren astelehenean, hilaren 23an eta Erika-Frida bikotearen aurka jokatuko dute finala. Astelehen honetako partidan nagusi izan ziren Durangoko Jai Alai frontoian, baina ez partida guztian. Izan ere, bi zati izan zituen finalerdiak. Bata, lehenengo setaren ia amaieraraino, Ihartek eta Maiak dominatu zutena, Helena jokoz kanpo utzita. Eta bigarrena, lehen setaren amaieratik partidaren hondarrera arte, pilota biziarekin, Arai Lejardiren eskuma protagonista izan zuena.

Partidaren lehen tantuan euren intentzioak argi utzi zituzten Arakistainek eta Goikoetxeak. Tantua dominatu eta horma biko ederra bota zuen Ihartek, sahietseko posturan. Hainbat tantu egin zituen gisa berean. Sahietseko postura horretan, pilota asko zabaltzen zuen, aurkariari heltzeko aukerarik eman gabe. Bana eta bina egin ondoren, distantzia hartu zuten morek. Pilota motelarekin, tantuak dominatu zituzten. Bai Maiak atzetik eta baita Ihartek, aire pilota zailak sartu eta atzera gogor botata. Konfiantza handiarekin, zazpigarren koadrotik dejada botatzen ere ausartu zen Berriatuko atzelaria (4-2) eta «guillermina» batekin ere asmatu du beranduago: errebeseko posturan, bi pareta sartu zuen behetik gorako posturan. Guillermo Amutxastegi ondarrutar handiaren izena daraman jokaldia.

Helena Barrenetxeak ez zuen jokoan sartzeko ia aukerarik izan eta partida, bi baten aurkakoa izan zen: Ihart eta Maia, Arairen kontra. Atsedenaldira bi tanto aurretik heldu ziren moreak (8-6) eta  apurka apurka, markagailuan aurrera etorri ziren urdinak. Pilota bizituz joan ahala, Araik bere arma nagusia atera zuen: eskuma.

10 eta 8-koan Maiak bi pilota zail eraman zizkion, baina hirugarrenean bi partea bota zion Lejardik. 10nako berdinketa ere eskumaz egin zuen markinarrak eta 11garrena eta 12garrena ere bai. Ihart eta Maia aurretik jarri ziren berriz (13-12) Sopelakoak atzean egindako tanto bati esker, baina Maiaren bi hutsek eta Arairen eskuinkada batek, 13-15koa ekarri zuten.

Lehen seta irabazi ostean, azken txanpako joerari eutsi zioten Helenak eta Araik, eta behera etorri ziren aurkariak. Izan ere, Araik eskumaz jaurti zuenean, ez zuen asmatu kantxan jokatzen. Lehengo zortzi tantuetatik sei, Arairen eskuinkadak izan ziren (1-8). Tantua berriz egin zutenean, pilota motela atera zuten atzera ere moreek eta sei tantu egin zituzten guztira. Egia esan, partidan sartzeko oso aukera gutxi izan zituen Helenak. Moreek agindu dutenean, ez zioten jokatzen utzi eta pilota biziarekin, Arai Lejardiren eskuin pozoitsuak izan zuen protagonismoa. 6-15 bukatu zen partida eta datorren asteleheneko finalean izango dira, Helena Barrenetxea durangarra eta Arai Lejardi markinarra.

Urreistiren erakustaldia

Gizonezkoetan, Eñaut Urreisti izan zen Ezkurdiko finalaurrekoan protagonista. Gipuzkoarrak partida ona jokatu zuen pasaden ostiralean Gasteizen eta momentu on horri segida eman zion astelehen honetan Durangon. Tanto asko bukatu zituen aurrean eta Olharanen erremate ugari saskiratu zituen, ondoren kontraerasoan tantuak eginez. Lekerikak atzean seguru eutsi zion eta bikote horiak Olharanek eta Zabalak baino gehiago jokatu zuen. Finala Erkiaga eta Atainen kontra jokatuko dute. Erkiagaren kasuan, bi final jokatuko ditu hiru eguneko epean. Ostiralean Gasteizen (Erkiaga-Zabala vs Johan-Lopez) eta astelehenean Durangon (Erkiaga-Atain vs Urreisti-Lekerika).

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.