dotb Durangaldeko Telebista

[dotb.eus] Durangaldeko Miren Amuriza eta Igor Elortza Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren itzulian

Lehenengo itzulia Durangon ospatu ondoren bigarren itzulirako sailkatutako bertsolariak ezagutu ditugu
Aitor Mendiluzek irabazi zuen Durangoko saioan eta Miren Amuriza bigarrena izan zen

DURANGO.- Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoetako lehen itzulia amaituta, bigarrenera sailkatutako bertsolarien zerrenda ezagutu genuen atzo.
Urtero hartzen duen azokarako hilabete eskas falta dela, Durangoko Landako gunea kultur topaleku izan zen atzo ere. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurreko saioa gauzatu zen atzo eta 2.100 ikus-entzule hurbildu ziren Miren Artetxe, Miren Amuriza, Aitor Mendiluze, Iñaki Apalategi, Jon Maia eta Oihana Iguaran bertsolariak entzutera.

Amaia Ugalderen gidaritzapean, zortziko handian, txikian, puntu-erantzunetan eta sei puntuko motzean aritu da seikotea, eginbeharrekoak kartzelako lanarekin biribilduz: «Amaitu da ospakizuna, dena jasotzen ari zara» gaiari heldu diote oholtzakoek.

Aitor Mendiluzek batu zituen puntu gehien atzoko saioan, 740,5 guztira. Gainerako parte-hartzaileei dagokienez, 678,5 eskuratu zituen Miren Amurizak; 675 Jon Maiak; 671 Oihana Iguaranek; 648 Iñaki Apalategik; eta 639 Miren Artetxek. Hala, finalaurrekoetako bigarren itzulian aritzeko txartela eskuratu du eta Iruñean jarraituko du txapelketan, abenduaren 2an.

Bigarren itzuliko saioak, zehaztuta

Finalaurrekoetako lehen lau saioak eginda, 24 bertsolarietatik 18k egingo dute aurrera bigarren itzulian Igor Elortza eta Miren Amuriza tartean daudelarik. Zuzenean sailkatu diren saioetako irabazleekin batera, puntuazio altuena lortu duten bertsolariak sailkatu dira txapelketan aurrera egiteko. Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze,  Aitor Sarriegi , Igor Elortza, Agin Laburu, Miren Amuriza, Jon Maia, Jon Martin , Oihana Iguaran, Jone Uria, Julio Soto, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue, Alaia Martin eta Iñaki Apalategi dira bigarren itzulira pasatu direnak.

Amurrion, Donibane Lohizunen eta Iruñean izango dira finalaurrekoak datozen hiru asteburuetan: azaroaren 19an, 26an eta abenduaren 2an, hain zuzen. Saio bakoitzean abestuko duten bertsolarien zerrenda webgune honetan duzu.

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Disponible para Amazon Prime