Abenduaren 5tik 8ra luzatuko den 59. edizioak 153 partaide eta 274 stand izango ditu
DURANGO | 59. Durangoko Azoka ate joka dago eta, ohikoa den bezala, egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur San Agustin kulturgunean. Izan ere, hilabetetako lanaren ostean, antolakuntzaren asmoak forma hartzen hasi dira: egitaraua esku artean, erakusmahaien kokapena antolatuta, kultur nobedadeen zerrenda osatuta… eta prestaketen azken txanpan murgilduta. Abenduaren 5etik 8ra garatuko da Durangoko Azoka eta Landako Gunean 274 erakusmahai ipiniko dituzte 153 partaideren artean, eta 933 kultur nobedade egongo dira kulturazaleek hartzeko eta emateko eta 200 kultur-ekitaldi inguru programatu dira azokako guneetan.
Denetariko estilo eta gaiak jorratuko ditu aurtego azokak eta horien guztien xehetasunak ezagutzera eman dituzte gaur. Agerraldian, egitarauaren antolaketan lanean ari diren arduradunak izan dira: Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga), Izaskun Ellakuriaga (Talaia), Gotzon Barandiaran (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Itxasne Arabiourrutia (Saguganbara), Maider Larrañaga (Szenatokia) eta Aitor Agiriano (Azoka Telebista).
Durangoko Azokaren ateak zabaltzeko gogotsu daudela azaldu du Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak. «Bertan bilduko gara kultura bizi eta zaindu nahi dugun sortzaileak, argitaletxetako kideak, kulturgintzako langileak eta zaleak. Denak ditugu beharrezko. Aurten, dei berezia egin gura diegu zaleei, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbestekoak direlako», esplikatu du Gaztelurrutiak.
Kultur ekitaldiak
Talaia: Euskaraldiaren kantua Durangoko Azokako gune honetan emango da ezagutzera. Urtero lez, Euskadi Literatura saridunekin solasaldia egingo da. Gainera,EITBrekin lankidetzan sortu den BaDAbil bideopodcast-aren azken saioa, azokako azken egunean bertatik bertara grabatuko da, jendaurrean.
Museoa: Nestor Basterretxeari buruzko erakusketa egongo da ikusgai; azaroaren 28an izango da inaugurazioa. Horren harira, hitzaldi bat eta bisita gidatuak antolatuko dira, eta Basterretxeari omenaldia ere egingo zaio abenduaren 7an, Landako Guneko areto nagusian. Bestalde, Euskal Editoreen Elkarteak hizkuntza minorizatuetako editoreen topaketa antolatuko du Museoan.
Ahotsenea: 50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dira. Belaunaldi askotako sortzaileek transmisioaren katebegia gorpuztuko dute. Plazara lehen aidiz agertuko direnekin batera arituko dira urteetan euskaraz sortzen ari diren idazle eta musikariak. Ahotsenea Literatura Landako Gunearen albo batean, parkeko eremuan instalaturik egongo da; Ahotsenea Musika, ostera, Plateruenean.
Irudienea: Euskarazko zinemagintzaren plazan 40 lan eskainiko dira. Umeentzat hainbat lan egongo dira; Irabazi arte telesailaren estreinaldia, adibidez. Haibat gazte zinegileren lanak ere ikusi ahalko dira, Ane Berriotxoaren Nire amaren etxea eta Jone Arriolaren Hor konpon, besteak beste. ITOIZ, udako sesioak dokumentalaren teaserra ere aurkeztuko dute egileek.
Kabia: Euskalgintza eremu digitalean zabaltzeko egitasmoak luzatuko ditu, euren artean hitanoa erabitzeko AppaHi! aplikazioa. Tailerrak, jokoak eta solasaldiak ere egongo dira. Adibidez, Elhuyar fundazioak adimen artitizialaren aukera eta mehatxuen inguruko eztabaida antolatuko du.
Saguganbara: Haurrei eskainitako 25 ekitaldi programatu dira.
Szenatokia: Arte eszenikoen gunean, hamar konpainiak pieza laburrak eskainiko dituzte; gehienak antzerki lanak izango diren arren, dantza eta bakarrizketak ere izango dira. Nabarmentzekoa da proposamenetako hainbat sexualitatearekin eta genero gaiekin lotuta egongo direla.
Beste ohar batzuk
– Abenduaren 5ean, Ikasle Goizarekin ekingo dio Durangoko Azokak aurtengo edizioari. Haiei eskainiriko tailerrak egongo dira gunez gune. Hala ere, azoka zabalik egongo da bisitari guztientzat.
– Abenduaren 6an ospatuko da Gazte Eztanda.
– Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa prest egongo da. Puntu moreak ezarriko dira, eta norbaitek beharra izango balu, bertara jo ahalko luke. Landako Guneko Info puntua eta txapa morea soinean eroango duten antolatzaileak izango dira puntu
– Durangoko Azokaren 60. edizioa ospatuko da datorren urtean, eta horren harira, gaur eguneko azokaren argazkia emango duen ikerketa egiten hasi da antolakuntza. Inkestatzaileek bisitariengana joko dute iritzia eskatzeko.
– Ordutegiari dagokionez, iazko eredua mantenduko da, igandeko itxiera aurreratuta. Hortaz, azoka 10:30ean zabaldu eta 20:00etan itxiko da egunero, baina abenduaren San arratsaldeko 18:00etan zarratuko da.
– Bisitariei garraio publikoa erabiltzea gomendatzen zaie, eta autoz etorriko badira, jakin dezatela abenduaren 6tik 8ra autobus zerbitzua ipiniko dela, lurretako autopista irteerako parkinetatik Landakora.