Txekiatik, Frantziatik eta Lituaniatik etorri dira Erasmus+ ikasle-trukean parte hartzeko.

DURANGO| Fray Juan de Zumarraga Institutuan aste lanpetu bat izaten ari da, hainbat herrialdetatik ikasleak etorri baitira. 1. batxilergoko ikasle truke hau “Walking on the Path of a Common European Heritage” proiektuaren parte da, eta hainbat gai lantzea du helburu: emakume zientzialariak, Maitane Alonso eredutzat hartuz, argazkilaritza, sukaldaritza, europar kultura edota René Casin bezalako pertsonai historikoak adibidez. Bestalde, Institutuan lantzen diren telekomunikazioak eta bertako irratiaren funtzionamendua ere ikasiko dute.
Aste honetan, Txekiatik, Frantziatik eta Lituaniatik etorritako ikasleak Durangoko ikasleek ostatatuko dituzte beraien etxeetan. Institututik hainbat ekintza antolatu dituzte, europear ikasle hauek gure kultura ezagutu dezaten. “Herri kirolak egin dituzte, gure janaria dastatuko dute eta euskarari buruz ere ikasiko dute” adierazi digute proiektuko parteartzaileek.

Horretaz gain, Durango inguruan ibiliko dira, Bilbora joango dira eta baita Gernikara ere, leku bakoitzean dauden gauza interesgarri guztiak ikusiz.

Hurrengo hilabeteetan zehar, institutuko ikasleek ere hiri hauek bisitatuko dituzte, xede berdinarekin.


