Gaurtik 18ra bitartean, 23 liburu aurkeztuko dituzte idazleek saltokietan bertan
DURANGO | Euskal kulturaren erakusleiho erraldoia izanik, Durangoko Azokaren bokazio nagusienetako bat kultur sorkuntza zein zaletasuna hauspotzea, eta, sortzaile, bitartekari eta herritarren arteko zubi lanak eraikitzea da. Helburu horrekin abiatu zen 2020an ZuNonHanDA! ekimena.
ZuNonHanDA! egitasmoari esker, 59. Durangoko Azokan plazaratutako nobedadeen sortak Euskal Herri osoko 66 liburu saltokitan izango dira aurten, eta horietako 23 dendatan liburu bat aurkeztuko da, idazlea bertan dela. Beraz, abenduko egunetan zehar, Durangoko Azoka ibiltaria izango da, eta hartzaileen herrietara zuzenean helduko da. Hain zuzen, kulturazaleengan jarri du arreta aurtengo azokak, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbesteko direlako.
Ekimen honen asmoa ez da soilik Durangoko Azokaren oihartzuna Euskal Herri osora zabaltzea; liburu saltokiek urte osoan zehar egiten duten lana aitortzea ere bada xedea.
Hartzea ematea da, eta aurtengo lelo horri jarraituz, Durangoko Azokan hartuko den indarra Euskal Herriko dendatan emango da.
Durangon, bi aurkezpen
Alaitz Melgarrek Josefa neskame liburua aurkeztuko du abenduaren 11n, 18:30ean, Durangoko Arteka liburu dendan. Josefa Agirre Etxeberriaren bizitza du ardatz lanak, eta haren existentzia markatu zuten aukerak eta testuinguruak berreraikitzen ditu, baita haren inguru hurbileneko harremanak eta errealitateak ere.
Bestalde, Itziar Otegik Ezer ez dago utzi nuen tokian liburua aurkeztuko du abenduaren 11n, 19:00etan, Durangoko Hitz liburudendan. Donostiako Literatura Saria Kutxa 2024 jasoriko lan honek etsipenak, giza konexio iragankorrak eta denboraren igarotzea esploratzen dituzten ipuinen bidez garamatza. Oroitzapen mingarriak, obsesio iraunkorrak eta une iheskorren edertasuna biltzen dituzten istorioak ehuntzen ditu Otegik.