Irailaren 21era arteko epea egongo da euskara hutseko eta adimen artifizialik gabeko jatorrizko lanak aurkezteko

DURANGO | Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak Durangoko Azokako Sormen Bekaren bederatzigarren edizioa aurkeztu dute gaur goizean Bizenta Mogel liburutegian. Aurten musika proiektuak ardatz dituen deialdiak irailaren 21era arte jasoko ditu proposamenak gerediaga@durangokoazoka.eus helbidean. Hautatutako sortzaile edo talde berriak 15.000 euro jasoko ditu aurtengo Azokan, eta sormen lanaren emaitza 2027ko edizioan aurkeztu beharko du jendaurrean.
Irizpideei dagokienez, lanek jatorrizkoak izan behar dute, euskara hutsekoak hitzik badute, eta ez da adimen artifizialarekin sortutako proiekturik onartuko. Ildo horretan, deialdia sorkuntzaren munduan hasten ari direnei soilik zuzentzen zaienez, ibilbide luzeko musikariak kanpo geratuko dira. Zehazki, honako hauek ezingo dute parte hartu:
-
Bakarka zein taldeka, bi lan kaleratu dituztenak (euskarri fisiko zein digitalean).
-
Bost kolaboraziotik gora egin dituztenak.
-
Diskografia batekin kontratua sinatuta dutenak.
Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidenteak azaldu duenez, 2018tik «ibilbide emankor eta polita» egin dute beka honekin, eta helburua «sortzaile berrien bidelagun izaten jarraitzea» da. Bestalde, Paule Sanchez Durangoko Euskara eta Kultura zinegotziak gogoratu du «Durango euskal kulturaren bihotza» dela, eta ekimen honekin esperientzia hartzeke duten gazteei ikusgarritasuna eman nahi dietela, «munduari gure hizkuntza eta kultura biziaren indarra erakustea» asmo nagusitzat hartuta.
Oinarri guztiak durangokoazoka.eus webgunean daude eskura.



Excelente gestión PNV