dotb Durangaldeko Telebista

Vivaldiren ‘Lau urtaroak’ Elorrioko basilikan entzungo dira larunbatean

¿Nos sigues? Márcanos como medio preferente.

Daniel Oyarzabal organistak eta Miriam Hontana biolin-jotzaileak kontzertua eskainiko dute 20:00etan, sarrera doakoa izango da

Daniel Oyarzabal organistak eta Miriam Hontana ARGAZKIA: Joan Solle Oller

ELORRIO | ‘Bizkaiko hotsak’ Bizkaiko Organo Jaialdiaren XXI. edizioak Elorrion egingo du bere bigarren geldialdia larunbat honetan, azaroaren 14an. Daniel Oyarzabal organistak eta Miriam Hontana biolin-jotzaileak Vivaldiren ‘Lau urtaroak’ obra interpretatuko dute, 20:00etan, Sortzez Garbiaren basilikan. Kontzerturako sarrera doakoa izango da, leku guztiak bete arte.

Proposamenak berezitasun bat izango du: orkestrarik gabe eskainiko dute Vivaldiren lana, organoak orkestraren lekua hartuta. Hontanak biolin barrokoa erabiliko du, eta bikoteak dagoeneko interpretatu du obra Madrilgo Musika Auditorio Nazionalean eta Bilboko Euskalduna Jauregian.

Kontzertuaren egitarauak Vivaldiren lau kontzertuetako mugimenduak beste hainbat konpositoreren lanekin uztartuko ditu. Besteak beste, Musorgskiren Erakusketa bateko koadroak laneko bi atal joko dituzte, Oyarzabalek organorako moldatuak; Saint-Saënsen Animalien inauteria laneko «Akuarioa» eta «Finala»; Txaikovskiren Canzonetta; Durufléren Toccata; Vivaldiren RV 12 sonata eta Brahmsen preludio bat.

Udaberriko Largoa, Udazkeneko Adagio moltoa eta Neguko Largoa ere entzungo dira. Kontzertua, berriz, Udako hiru mugimenduekin amaituko da.

Bizkaiko organo handienetako bat

Kontzertua Sortzez Garbiaren basilikan egingo dute, 1967an Dourte etxeak eraikitako organoan. Hiru teklatu eta 31 erregistro ditu, eta Bizkaiko organo handienetako bat da. Bere ezaugarriei esker, orkestraren papera bete ahal izango du emanaldian.

Organista ikusleen bistatik kanpo egon ohi denez, pantaila erraldoi batean zuzenean proiektatuko dituzte Oyarzabalen eskuen eta oinen mugimenduak, baita erregistro-aldaketak ere.

«Lau urtaroak denok ezagutzen ditugu orkestrarekin. Elorrioko organoak beste kolore batzuk ematen dizkie, eta pantailari esker ikusleek ikusi ahal izango dute nola sortzen diren», azaldu du Pablo Cepeda jaialdiaren koordinatzaileak.

Ibilbide luzeko bi interprete

Daniel Oyarzabal Gasteizen jaio zen, eta Espainiako Orkestra Nazionaleko organista nagusia eta Getafeko katedraleko organista titularra da. Besteak beste, San Petersburgoko Mariinski Antzokian, Lyongo Auditoriumean eta Madrilgo Musika Auditorio Nazionalean aritu da.

Miriam Hontana, berriz, 1997an jaio zen Vilanova i la Geltrú herrian. Biolin barrokoan espezializatuta dago, eta OBNI ensemblearen sortzailea eta zuzendari artistikoa da. Berlingo eta Vienako Konzerthausetan eta Kataluniako Musika Jauregian eskaini ditu emanaldiak.

Elorriokoa jaialdiaren XXI. edizioko bigarren kontzertua izango da. Abenduaren 28ra arte, Abadiño, Loiu eta Zeanurira ere iritsiko da ‘Bizkaiko hotsak’.

Kontzertua:

  • Eguna: azaroaren 14a, larunbata.
  • Ordua: 20:00.
  • Lekua: Sortzez Garbiaren basilika, Elorrio.
  • Sarrera: doakoa, leku guztiak bete arte.

Jaialdia ‘Diego Amezua’ Elkarteak antolatu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Elorrioko Udalaren babesarekin.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.