Urriaren 18ra atzeratu dute baina hasiera batean maiatzaren 31rako izan behar zen

ELORRIO.- Elorrioko ikastolak Ibilaldiaren edizio berezi bat prestatu dute igande honetarako, koronabirusagatik jaia urriaren 18ra atzeratu duten arren, baina hasiera batean izan behar zen datarako, maiatzaren 31rako, zerbait berezia prestatzea pentsatu dute.
Elorrioko Ibilaldiaren antolatzaileek azaldu dutenez, «gure egutegian egun berezia den maiatzaren 31 ospatu nahi dugu, eta gure leloak adierazten duen bezalaxe, egunari indarrez eta gogoz helduko diogu: #helIbilaldiari #helegunari #helhorri».
Hori horrela, saio berezi bat prestatu dute eta Internetez jarraitu ahal izango da Ibilaldiaren webgunean. 11:00etan, hasita, bertsoak, musika, magia, dantza eta bestelako ikuskizunak egongo dira bi orduko iraupena izango duen saioan.
Ikastolako guraso, ikasle, langile eta irakasleez gain, beste ikastoletako ikasleek ere parte hartuko dute ekimenean.


