dotb Durangaldeko Telebista

Alejandro Landaburu elorriarraren funtsa doantzan jaso du Gerediagak

Ezagutzen den Elorrioko lehen argazkilari profesionala izan zen Alejandro Landaburu “Labarixa”

Doantzan jasotako argazkia. 50eko hamarkada amaieran, gutxi gora behera, Elorrioko plazan umek kirol erakustaldi baten parte hartzen ikusi daiteke.

ELORRIO| Gerediaga Elkarteak Durangaldeko gaiak jasotzen dituen dokumentategia handitzen doa. Maiatzean Ignacio Ansorena argazkizale durangarraren funtsa doantzan jaso zuen, eta orain Elorrioko lehen argazkilari profesionalaren funtsa jaso dute: Alejandro Landabururen argazkiak.

Materiala sailkatu eta fitxak betetzen direnean, Gerediaga Elkartearen webgune berrituan (www.gerediaga.eus) kontsultagai izan da funtsa.

Alejandro Landaburu Elgiazu 1906ko abuztuaren 11n jaio zen Elorrion. Bost neba-arrebetan zaharrena zen. Argazkigintzan noiz hasi zen ziurtasunez jakiterik ez dago, baina hogeiko hamarkadaren bukaeran izan zitekeela erakusten dute hainbat gertaerek.

Aita gurdi-egile eta mekanikoa zen, eta bere anaien antzera, Alejandrok ere automoziorako zaletasuna zeukan. Horregatik Elorrioko bainuetxera joaten ziren aristokrata-familien txofer moduan lehenengo, eta taxi-gidari gero lan egin zuen. Bere gidari-lanei esker ezagututako familia aberatsen baten eraginez piztu ahal izan zitzaion argazkiekiko zaletasuna. Bestela, Durangoko Foto Germanen argazki jardueratik. Izan ere, sasoiko Elorrio futbol taldearen argazkietan Alejandro bera agertzen da jokalari.

Gerra zibila hasi zenean, Alejandrok, ideologiaz tradiziozalea, “Radio Requeté de Campaña” konpainian izena eman zuen. Sukaldaria izan zan frontean, baina argazki-kamera eraman zuen berekin eta Karlisten aldeko fronteko argazkiak atera zituen.

Argazkigintza lanbide moduan noiz hartu zuen ez dakigu, baina bere artxibategian 1954ko faktura daraman klitxe bat dago. Fakturak erakusten du Alejandrok inbertsio handia egin zuela eta argazkilari moduan bere jarduera hasteko izan zitekeen susmo irmoa daukagu.

Ez zuen kalean argazki-dendarik jarri. Bezeroak etxera joaten zitzaizkion, General Mola kaleko (gaur egun Buskantz kalea) 2. Zenbakiaren solairura. Hainbat formatuko argazki-kamerak erabili zituen. Hasiera batean, monumentuen bistak kristalezko xafletan egiten zituen, baina segituan tamaina erdiko zeluloidea erabiltzen hasi zen. Formatu hori eta 35 mmkoa txandatzen zituen Leica kamera mitikoarekin hasieran, eta Kodaken Retinarekin gero. Elorrio gaitzat hartuta postal-bilduma interesgarri bate gin zuen, zuri-beltzean, eta ondoren eskuz margotuta, garai hartan ohitura zen bezala.

Alejandro Landabururen funtsa orain arte haren iloba Pilar Landaburuk eta bere seme Francisco Javier Iruarrizagak gorde dute. Orain, Gerediaga Elkartearen esku utzi dute guztia. Doantzan jasotako materialaren artean daude, aipatutako postal-bilduma, kristalezko plaka 120 mm eta 35 mmko negatiboak, 35 argazki album, 4 argazki kamera eta bitxikeria moduan Julian Zulueta arabarrari buruzko liburua eta XVII. Mendeko “Enojaduric” Bizkaiko amodio-kantuaren eskuizkribu originala,  1623ko kontu-liburu baten azken orrian jasotakoa.

Alejandro Landabururi buruz,  2003an, Gerediaga Elkarteak liburua argitaratu zuen, Jose Mari Uriartek idatzita eta elkartearen webgunean PDF formatuan deskargatzeko modua dago: “Alejandro Landaburu argazkilaria, Elorrioko garai bat”

Dokumentategia online erabilgarria

Doantzan jasotako funtseko material guztia, Gerediaga Elkartearen webgune berrituan argitaratu eta nahi duenarentzat kontsultazeko jarriko ditugu, behin sailkatze eta fitxatze lanak amaitzen ditugunean.  Beste horrenbeste egiteko asmoa daukagu maiatzean eskuratu genuen Ignacio Ansorena argazkilariaren funtsarekin.

Gaur gaurkoz, ikusgai eta kontsultarako Dokumentategia atalean honako hauek daude:

  • 1700 liburu eta liburuxka Durangaldeko gairen bat dutenak
  • 800 argazki German Zorraquin argazkilariaren funtsari dagozkionak.
  • 520 postal zahar Durangaldeko lekuen erakusgarri
  • 1500 baserri erregistro, 2002an egin zen Durangaldeko baserrien inbentario lanean jasotakoak.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.