Emanaldia San Agustinen izango da gaur 19:00etatik aurrera

DURANGO | Ordu batzuk barru Ander Erzilla durangarrak bere azken lana aurkeztuko du San Agustinen. Emanaldia gaur arratsaldeko 19.00etan hasiko da eta bere ikuskizunarekin kultur guneak «Gure eguenak» izeneko zikloari ekingo dio.
«Nire kasuan ez da betetzen esaera hau: inor ez da profeta bere herrian, beti eman didatelako aukera nire proiektuak etxean aurkezteko, eta hori eskertzekoa da», azpimarratu zuen musikariak atzo DOTBko Ondoan dot saioan.
Amaraun (2002) eta Ekuru (2020) diskoen ondoren, Ander Erzillak bere ahotsarekin eta saxofoiarekin berriro ere lan berria aurkezten du. Berarekin Ander Garcia (kontrabaxua), Iñaki Jaio (bateria), Daniel del Valle (gitarra), Izaro Erzilla Etxegibel (ahotsa), Matxalen Erzilla Etxegibel (biolontxeloa), Jone Erzilla (tronboia) eta Etxegibel (tronboia) musikarien laguntza izango du. «Zorionez, musikari onak ditut, lagunak dira, eta horrek une oro enpatia sortzen du jotzeko orduan, eta horrek beti nabaritzen den plus bat suposatzen du», baloratzen du Erzillak.