BIOK saioan, Monika Iglesiasek eta Gontzal Royuelak jaialdiaren 11. edizioaren nondik norakoak azaldu dituzte

ABADIÑO | Antzerkia, dantza, bakarrizketak eta antzerki bisuala izango dira protagonista udazken honetan Abadiñon, Antzerkiño jaialdiaren eskutik. Hamaikagarren edizioak hamar ikuskizun bildu ditu urriaren 31tik azaroaren 22ra bitartean, eta aurtengo eskaintza herriko lau gunetara zabalduko da: Errota Kultur Etxera, Txanporta Kultur Etxera, Gaztetxera eta Probalekura.
Jaialdiaren inguruko xehetasunak BIOK DOTBko saioan izan dituzte hizpide Monika Iglesiasek eta Gontzal Royuelak, antolatzaileak. Elkarrizketan, aurtengo programazioaren eta arte eszenikoek Abadiñon duten lekuaren inguruan aritu dira.
Edizio honetako berrikuntza nagusietako bat eskaintza deszentralizatzea izan da. Horrela, emanaldiak ez dira areto bakar batean egingo, herriko hainbat espaziotan baizik. Antolakuntzak, gainera, tokiko eragileekin elkarlanean osatu du egitaraua, tartean Banarte Antzerki Taldearekin eta Txanporta Kultur Elkartearekin.
Hamar ikuskizun
Antzerkiñok ohiko antzerki-eskaintza gainditu nahi izan du aurten, eta dantza, bakarrizketak eta antzerki bisuala ere bildu ditu programan. Talde amateurrek zein profesionalek hartuko dute parte, sortzaile gazteak eta ibilbide luzeko konpainiak elkartuz. Emanaldiak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.
Banarte Antzerki Taldearen Cancún antzezlanak zabaldu zuen jaialdia urriaren 31n, Errota Kultur Etxean. Azaroaren 6an, Kalte Kolektiboaren Ficción lana izango da Gaztetxean; eta azaroaren 7an, familia osoarentzako Ama Amama Mamuak! ikuskizuna, Naita Produkzioak konpainiarena.
Hurrengo egunetan, Laura Penagosen Puta en el manicomio bakarrizketa, Dxusturi Teatroaren LaKoste, Juego de Damas taldearen Leonas eta Olatz Gorrotxategiren 43º 13 ’44 «N eskainiko dituzte, besteak beste. Azken lan horrek memoria historikoa eta oroimen kolektiboa ditu ardatz.
Jaialdia azaroaren 22an amaituko da, Itzuli Konpainiaren Adriene BergsonJohnson lanarekin. Sarrerak Errota Kultur Etxean eta udal mediatekan daude eskuragarri.
Antzerkiño, beraz, Abadiñoko kultur eskaintza indartzeko eta herritarrei arte eszenikoen askotariko adierazpideak gerturatzeko hitzordu bihurtu da.



