Ihintza Iriarte, Uxue Bereziartua eta Miren Bereziartua hernaniarrek 15.000 euroko dirulaguntza jaso dute
Irabazleek urtebete izango dute sorkuntza-prozesua egin eta aurkezteko, zehazki 2024an egingo den 59 Durangoko Azokan
DURANGO | Durangoko Azokaren Saguganbara gunean ezagutzera eman da seigarren Sormen Bekaren proiektu irabazlea: «Argizagi. Zubiak adiskidetasuneratz» izeneko sorkuntza lana saritu da. Animaziozko telesail proposamena Ihintza Iriarte Apezetxea, Miren Bereziartua Lonbide eta Uxue Bereziartua Lonbideren Marramiau Sorkuntza Taldeak (Hernani) aurkeztu du eta 15.000 euroko zenbatekoa jaso du proiektua gauzatzeko. “Oso eskertuak gaude emandako aukeragatik; ez genuen espero. Gogotsu ginen haurrei zuzendutako animaziozko serie bat egiteko, lehendik hasita genuen proiektua da eta ilusio handia egiten digu hau aurrera eramateak”, azaldu du Ihintza Iriartek.
Aurtengo deialdia, haurren eta familien ikuskizunei begirako sorkuntzan oinarritu da eta proposamen irabazleari dagokionez “Argizagi animazio seriea bat da, 5-10 minutu inguruko 5-6 kapituluko iraupenekoa. Bertan, Izei lurtarraren abenturak ikusiko ditugu Ekai eta Nahi estralurtarrak ezagutzean. Hauek kontziente izan gabe urteak itxita egondako bi planeten artean bidaiatzea ahalbidetzen duen argi-zubi bat irekiko dute, galaxiaren ongizatea arriskuan jarriz”, aurreratu du Miren Bereziartuak.
Irabazleek urtebete izango dute sorkuntza-prozesua egin eta aurkezteko, zehazki 2024an egingo den 59. Durangoko Azokan. “Animaziogintzan hastapenetan gaude, beste sortzaile batzuekin elkarlana sortzea gustatuko litzaiguke. Momentuz gidoia idazteko fasean murgilduta daude eta oso gogotsu gaude bikoizketan, soinu edizioan eta animazioan aritzeko”, laburbildu du Uxue Bereziartuak. “Orain bezain urduri jarraituko dugu urte guztian zehar eta espero dugu emaitza polit bat eskaintzea datorren urtean” gaineratu du.
Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak babesten duten SORMEN BEKA DA egitasmoaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da. “Orain dela sei urte jarri genuen martxan Sormen Beka. Atopia, Kai Nakai, Bañolet, Barraka, Eukalyptus… literaturan, musikan, ikus-entzunezkoan, mundu digitalean eta arte eszenikoetan hasiberriak ziren sortzaileei lagundu diegu… hasierak gehienetan zailtasunez beteak izaten dira eta hor egon gara», adierazi du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak. Bestalde, Mireia Elkoroiribe alkateak adierazi du sortzaile hasiberriei babesa ematea dela bekaren helburua. «Bost ediziotako ibilbidea oparoa izan da. Oso lan interesgarriak bultzatu ditugu guztiok elkarrekin. Euren sorkuntza prozesuetan laguntzeaz gain, sortzaile moduan hazi egin dira euretako gehienak, Sormen Beka DA! lehiaketari esker», esan du.
Epaimahaia hurrengoek osatu dute: Amaia Henneboute (antzezlea), Ana Revuelta (Artaziak hezkuntza artistikorako ekimena), Josu Bergara (sortzailea eta marketin aditua) eta Martxel Zubia (Berbaro elkarteko kidea eta Saguganbarako arduraduna).