Karol Mossakowski poloniarrak emandako kantei buruzko inprobisazioak eskainiko ditu, 19:30etik aurrera, sarrera librearekin

ABADIÑO | ‘Bizkaiko hotsak 2022’ Bizkaiko XVII. Organo Jaialdiaren barruan, eta Abadiñoko Udaleko Kultura Sailaren laguntzarekin, San Trokaz elizak (Zelaieta) kontzertua jasoko du larunbat honetan, 19:30etik aurrera, Karol Mossakowski organista poloniar gaztearekin. Emanaldirako sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte, eta pantailan proiektatuko da, ikus-entzuleek organo-jotzailearen lana jarraitu ahal izan dezaten.
Karol Mossakowski nazioarte mailan ezaguna da, interpretatzeko eta inprobisatzeko duen gaitasunarengatik. “International Prague Spring Competition” lehiaketako lehen saria irabazi zuen, baita “Chartresko Grand Prix” saria ere, eta bi arlo horietan nazioartean etengabe eboluzionatzen ari den joeraren liderra da. Karol Radio Franceko organista egoiliar izan da 2019az geroztik, eta entzuleen berotasuna irabazi du bertan, bere karisma bikainari esker. Lilleko Katedraleko organista titularra da eta inprobisazio irakaslea Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan (Musikene).
GABONETAKOKONTZERTUA | San Trokaz elizak bigarren organo kontzertu bat jasoko du abenduaren 26an, 19:30ean, “Bizkaiko hotsak” musika zikloaren barruan, hori ere. Kasu honetan, errepertorioa gehiago egokituko da Gabonetako kontzertuetara, Pablo Marquezek eta Atsuko Takanok osatutako Concertante a Quattro bikoteak lau eskuko organo proposamena egingo du eta. Atsuko Takano japoniarra eta Pablo Marquez Valentziako Katedraleko organo-jotzailea ibilbide paraleloan ari dira lanean, eta sarritan ematen dituzte emanaldiak elkarrekin.
Diego de Amezua Bizkaiko Organoaren Lagunen Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, joan den urrian inauguratu zuen ‘Bizkaiko hotsak 2022’ Bizkaiko Organo Jaialdiaren XVII. edizioa. Bertan, urte amaierara arte, hamar kontzertu emango dira, estatuko eta nazioarteko ibilbide luzeko interpreteekin.