dotb Durangaldeko Telebista

Bizkarsoro filmaren estreinaldi bizkaitarra Zugaza zineman izango da

Ostiralean, hilak 12, Euskal Herriko lurralde guztietan, aldi berean, proiektatuko da fikziozko luzemetraia

Josu Martinezekin batera, Durangaldeko euskalgintzako ordezkariak izan dira

DURANGO | Durangaldeko euskalgintzak babestuta, Bizkarsoro ikus-entzunezkoaren estreinaldiaren aurkezpena egin da Durangoko Zugaza zineman. Izan ere, ostiralean, hilak 12, Bizkarsoro fikziozko luzemetraiaren estreinaldia egingo da Euskal Herriko lurralde guztietan eta, zehazki, Bizkaian Durangoko Zugaza zineman izango da.

Prentsaurrekoan estreinaldiaren zehaztasunak azaldu dira eta bertan Josu Martinez, filmeko zuzendaria izan da. Bizkarsoro filmeak euskararen aurkako jazarpenaren eta euskaldunen bizigogoaren historia islatzen du. “Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro. Bizkarsorotarrak fikziozko personaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak”, dio laburpenak.

1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna. Helburua Bizkarsoro Euskal Herri osoko ahalik eta herri gehienetan proiektatzea da. Gogoeta eta eztabaida sozialerako balio duen emanaldiak eskaini nahi dira; proiekzioarekin batera, filmaren mamiaz gogoeta eragitea da. Hala nola “Euskaldunak eta euskarak pairatu duen eta egun pairatzen duen jazarpenari buruz”, adierazi dute agerraldian. Izan ere, filma joan den mendean kokatuta egonik ere, bertan kontatzen direnek ez dute gaurkotasunik galdu. Gaurko nerabe batek identifikatzeko moduko
egoerak gertatzen dira Bizkarsoron. Bestalde, “Euskarazko sorkuntzak Euskal Herriaren historia eta oraina kontatzeko duen ahalmenaz eta herri-zinemari esker gauzatu izan ahal dugu”, gehitu du zuzendariak.

Bi emanaldi Durangon

Hain zuzen ere, Zugaza zineman, bi emanaldi izango dira. Urtarrilaren 12an, ostiralean, areto nagusian arratsaldeko 18:30ean. Emanaldiaren ostean, Hibai Castro Egia argazki zuzendariarekin hitz egiteko aukera izango da. Durangoko bigarren emanaldia, urtarrilaren 14an, 19:30ean egingo da.

Josu Martinez izen ezaguna da azken urteetako euskal zinemagintzan, bereziki, dokumentalgile gisa. Bederatzi dokumental luze burutu ditu. Haietarik zortzi Donostiako Zinemaldian estreinatu dira. Zinemaren historian doktorea eta kultur antropologian lizentziaduna, Euskal Herriko Unibertsitateko zinema irakaslea da.

Zinema eta memoria kontuei buruzko lau libururen egilea ere bada. Bizkarsoro bere fikziozko lehen film luzea da.

1 comentario en “Bizkarsoro filmaren estreinaldi bizkaitarra Zugaza zineman izango da”

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.