[dotb.eus] Abadiñok ipuin kontalarien egitaraua berreskuratuko du bihartik aurrera

Programazioa 4 eta 5 urteko haurrei zuzenduta dago eta segurtasun protokolo egokia izango du
Programazioa apirilaren 21era arte luzatuko da

ABADIÑO.- Doro Zobaran narratzaileak emango dio hasiera bihar, urriak 14, Txanporta Kultur Etxean, Abadiñoko Udalak umeentzat antolatzen duen ipuin kontaketa egitarauari. Ekimen horrek, euskarazko ipuinez gozatzeko aukera emateaz gain, literatura eta istorioen zaletasuna piztu nahi die Abadiñoko umeei, Argi Abad Kultura zinegotziak gaur esan duenez.

Koronabirusaren pandemiak behartuta, ipuinak Txanporta Kultur Etxean baino ez dira eskainiko. Ekitaldi bat egingo da 17:00etan, 4 eta 5 urteko umeentzat, eta bigarrenbat 17:45etan, Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren mailako umeentzat.

Emanaldi bakoitzean 40 lagunendako lekua egongo da, eta sarrerak –lagun birentzat– Txanportan jaso beharko dira emanaldi bakoitzaren aurreko astelehenean. Sei urtetik gorako umeek maskara jantzi beharko dute, eta bertaratzen diren guztiek metro t’erdiko tartea gorde beharko dute bizikide ez dituzten gainerako entzuleekin.

Doro Zobaranen emanaldiaren ostean, azaroaren 18an Maider Alcelayren ipuinak entzungo dira; abenduaren 16an, Sorgina Txirulinarenak; urtarrilaren 20an, Oihana Etxegibelenak; otsailaren 17an, Ana Apikarenak; martxoaren 10ean, Ane Gebararenak, eta apirilaren 21ean, Peio Añorgarenak. Argi Abadek dei egin du zorrotz bete daitezen segurtasun arauak, “Danon onerako” delako, eta horixe delako bide bakarra pandemiak dirauen artean kultur ekitaldiez gozatzen jarraitu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.