Ekainaren 14 eta 20an izango dira bideokonferentzia bitartez ondoren kalera joateko

ABADIÑO.- “Asialdi Gaztea” udal programaren barruan, Abadiñoko Udalak “Abadiño ezagutu” gazteentzako jarduera antolatu du ekainaren 14rako, eta argazki saio bat 20rako. Bi ekitaldiak “erdi birtualak” izango dira, neska-mutilek taldeetan bildu gabe parte har dezaten, Argi Abad Gazteria arloko zinegotziak jakinarazi duenez.
Parte hartuko duten neska-mutilak bideokonferentzia batean elkartuko dira eta, ondoren, proposatutako probak egingo dituzte. Horretarako, kalera aterako dira bakarrik nahiz senideren batek lagunduta. Jarduera hauek Katalamixon taldeak kudeatzen ditu eta izena emateko epea ekainaren 5era arte dago zabalik. Izena emateko, katalamixon@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da.