Gertakaria duela urtebete gertatu zen Matienako institutuan
ABADIÑO.- Duela urtebete, 2019ko urrian Matienako institutuan irakasleentzako 3 formazio saio eman ziren gazteleraz, EHEk -Euskal Herrian Euskaraz- azaldu duenez . Formazio hau gaztetxoei egiten zaizkien tratu txarrak detektatzeari buruzkoa zen. Lehen formazio saio honen hasieran, protesta sendoak izan ziren hainbat irakasleren aldetik. D eredu batean formazio hori euskaraz egitea zegokigula argudiatu zuten. Baina minutu batzuetan eztabaidatu ondoren, saioak aurrera egin zuen gazteleraz, inongo eskubiderik urratuko ez balitz bezala. 2020ko urriaren 16an bigarren saioa izan zen. Irakasle bat ez zen formazio saiora agertu gazteleraz izango zela jakinda. Egun honen ostean zuzendariak falta hau jakinarazi zion ikuskatzaileari. (Irakasle kaltetuari jakinarazi zion, espediente arin bat irekiko zitzaiola eta ondorioa 2 orduko soldata kentzea izango zela. Hau jakinda, irakasle kaltetuak Hizkuntza Eskubideen behatokian eman zuen gertakarien berri.) Astebete beranduago, urriaren 23an, gaztelerazko hirugarren saioa izan zen.Irakasle bera ez zen formazio saioa honetara ere agertu. Arrazoia aurretik jakinarazi zion zuzendariari. Honek ondorio gisa izan du diziplina espediente batireki ondoren 4 orduri dagokion soldata kentzea.
EHEk salatu du kasu honetan ukatu egin dela formazio hauek D ereduan euskaraz jasotzeko eskubidea. «D ereduko ikas guneak, euskaraz ikasteko ez ezik, euskaraz bizitzea ere posible den guneak izan behar dute bai ikasleentzat eta bai langileentzat. Izan ere, D eredua definitzen duena da hezkuntza helburuak orobat euskaraz arituz lortu ahal izatea«, azaldu dute.
«Gaur inoiz baino ozenago aldarrikatu nahi dugu, esparru guztietan irakasle eta profesionalen jarduera euskaraz edukitzeko eskubidea. Larria da XXI mendean oraindik ere honela ibiltzea non eta Abadiñon bertan», eman dute jakitera.