[dotb.eus] Bernako Ariñ-Ariñ dantza taldeak 50. urteurrena ospatuko du asteburuan

Irailaren 14 eta 15ean izango dira ospakizunak Berna Auzoan
80 lagun pertsona inguru festan arituko dira asteburuan

AMOREBIETA-ETXANO.- Orain dela 50 urte sortu zen Ariñ-Ariñ dantza taldea, Zornotzako Berna auzoan, eta 50 urte hauek ospatzeko taldetik pasatu diren dantzari zein musikariei deialdia egin zaie. Irailak 14 eta 15ean izango dira ospakizunak, egun hauetan 80 pertsona inguru, beste hainbat auzotar, lagun eta familiakoekin batera festan ibiliko dira.

Orain dela 50 urte auzoko mutilek, 16 urte inguru zituztenak izan ziren taldeari hasiera eman ziotenak. Iurretatik, Mikel Sopelana etorri zitzaien Dantzari-Dantza irakastera eta lehenengo aldiz dantzari jantzita 1967ko abuztuaren 5ean, Bernako jaietan egin zuten dantzan. Urte batzuk beranduago nesken taldea sortu zen eta orduz geroztik auzoko eta inguruetako generazio desberdinek taldeari jarraipena eman diote.

Hasierako Dantzari–Dantzaz gain, taldeak urte hauetan zehar Euskal Herriko beste dantza batzuk ere ikasi eta plazaratu ditu, batez ere Bernan eta baita inguruetako auzoetako jaietan parte hartuz.

Taldetik adierazten dutenez “dantza taldea, auzotarrentzat lotura handia eta harremanak sendotzeko bide bat ere izan da, entseguetan, ekitaldietan, material eta arropa prestaketetan parte hartuz eta era berean dantza taldearentzat auzoa, eta auzotarrak, ezinbesteko motorra izan dira, urte guzti hauetan iraun ahal izateko”.

Ariñ-Ariñ dantza taldea arro sentitzen da Bernako dantza taldea dela esaten duen bakoitzean, auzo txiki baten, urte guzti hauetan taldea iraunarazi duelako.

Baina onartzen dute ere “50 urtetan ez dira beti gari onak izan, desertu momentuak ere pasa izan dira”. Gaur egun taldearen helburuak agian ez dira garai batekoak, auzoko biztanleriaren egoera ez den bezala, “baina auzoko jaietan dantza egiteko elkartzen gara eta batzuetan saio nahiko potoloak ere sortu ditugu, azken bi urteetan, bertan bizi ez arren, auzoko sentitzen garenon seme alaba txikiak ere plazaratu ditugu, beraiek ere Bernatarrak eta Ariñ-Ariñ dantza taldekoak direla sentiarazteko. Sentimendu hori piztuta mantentzen badugu, Ariñ-Ariñek beste urte asko iraungo ditu” azpimarratzen dute.

Hau da ospakizunaren EGITARAUA

DOTB

Durangaldeko Informazioa eta Albisteak. Información y Noticias de Durangaldea

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.