[dotb.eus] Berrizko euskalkia eta ohiturak ahotsak.eus webgunean jaso dira

Badihardugu Euskara Elkartearen eta Berrizko Udalaren arteko lankidetzaren emaitza da
Webgunean Berrizko ondarea jasotzen da

BERRIZ.- Badihardugu Euskara Elkarteak “Euskal Herriko Ahotsak” proiektua eta www.ahotsak.eus webgunea kudeatzen ditu. Berrizko udalarekin, urtebeteko hitzarmena izan ondoren udalean jasota zeuden grabazioak prestatu, sailkatu eta web orrira igo dituzte. Hiztun bakoitzari egindako elkarrizketak aztertu ostean, zatirik interesgarrienak gaika sailkatutako audio edo bideo-pasarte moduan sareratzen dira.

‘Antxinako Berriz. Bizimodua eta Ohiturak’

Webguneko ‘Antxinako Berriz. Bizimodua eta ohiturak’ atalean Berrizko bizilagunei 2006-2007 urteetan egindako elkarrizketak jasotzen dira, Berrizko euskara eta bertako ohiturak eta tradizioak bildu eta zabaltzeko helburuarekin. Bertan, proiekturako egindako 25 grabazio berreskuratu eta katalogatu dira.
Horrez gain, Berriz 1936 Gogoratzen Elkarteak utzitako materiala ere webgunean jasota dago.

Metodologia zehatz bat jarraituz, “Euskal Herriko Ahotsak” proiektuaren helburua gure herrietako euskalkia, ahozko euskara jator eta bizia, hiztun nagusienen ahozko ondare kulturala eta memoria kolektiboa jaso eta zabaltzea da, hala nola, antzinako ohiturak, bizimodua, lanbide zaharrak, sinesmenak, eta abar. XX. mendeko bizimoduaren ahozko artxibo bat eskaini nahi da online, herritar guztien eskura, doan eta libre.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.