[dotb.eus] [bideoa] “Gogoratu dezagun ez ahazteko, hil zituztenak gogoratzea bizi garenon ardura delako”

  • 27
    Shares
Durangoko Udalak, herriko ordezkariekin batera adierazpen bat kaletatu du bideo baten bitartez

 

DURANGO.- Gaur, Martxoak 31, Durangoren aurkako bonbardaketan hildakoak omentzen dira. Hori dela eta, Durangoko Udaleko eta herriko zenbait elkarteetako ordezkariek udal adierazpen  bat kaleratu dute bideo bitartez,  Unai Iturriagarena durangarraren testua irakurrita.

Testua: Unai Iturriaga

Hiru aldiz bonbardatuak izan ginen.

I.
Lehenengo bonbardaketa. Heriotza:
Mila bederatzirehun eta hogeita hamazazpi.
Martxoak hogeita hamaika.
Goizeko zortzi t ́erdiak.
Sei kanpai hots geldo.
Alarma.
Hegazkin bonbaketariek eguzkia bizkarrez eta herio aurrez, Durango dute sabelpean.

Kanpai hots bizkorra:
Arineketa,
leherketa,
triskantza,
deiadarra,
“Ama! Nun zauz, ama?!”…

Hirurehun eta hogeita hamasei,
hogeita hamazazpi,
hogeita hamazortzi…
Etxekoa galdu duenarentzako, BAT asko da.
Isilik dagoen kanpaiaren durundiak luze irauten du.

II.
Bigarren bonbardaketa. Gezurra:
“Durango gorriek bonbardatu zuten”, entzun du eskolaumeak.
Bera han zegoen eta badaki ez zela horrela izan,
baina maisuaren egurrezko erregelak ez daki historiaz.
Gezurra egunero lehertzen den bonba baita.
Norbere barruan lehertzen da eta haren uhin hedakorrak
haserrea, mina eta amorrua eragiten ditu,
baina albo kalterik handienak BELDURRA eta ISILTASUNA dira.

Itzuliko dira, banan-banan,
“desafectos al régimen” deiturikoak,
nor bere kartzelatik,
guztientzako eraikitako kartzelara.

Etxeetan ahotsik altxatu barik egingo da berba,
jai izango da “El día de la liberación”,
sua piztuko da Larranon
eta “Con flores a María” maiatzean.
Amamak zioen ogi baltza lakoa dela gezurra:
“gogorra hasieran baina azkenerako ohitu egiten da bat”.

III.
Hirugarren bonbardaketa. Ukazioa:
Alde bietan zeuden onak eta txarrak…
Anai-arreben arteko gerra izan zen…
Gerra Zibila…
Zelan izango da gerra bat “zibila” gerra militarren ofizioa bada!

Eta esango digute “etorkizunera begiratu behar dela, ez iraganera”.
Ez al ditugu ikusten gaur ere munduan hainbat “Durango”?
Zerengandik ihesi iristen dira Europako ateetara ehundaka lagun
ezpada gure uriaren gainean jausi ziren bonben antzekoengandik ihesi?
Galdetu diegu?
Entzun diegu?

Historiak ez zigun “Picasso” bat utzi munduaren aurrean oihu egiteko.
Berandu hasi ginen gure zaharrei galdezka.
Ez genuen euren isiltasuna entzuten jakin,
mingainik gabeko kanpai hotsaren durundi hura.

Lehenengo bi bonbardaketak galdu genituen:
heriotzarena eta gezurrarena.
Ez dezagun hirugarrena pasatzen utzi.

Gogoratu dezagun ez ahazteko.
Hil zituztenak gogoratzea bizi garenon ardura delako.
Eurei zor diegu eta geure buruei, geure herriari ere zor diogu.
Gaur eta hemen,
atzo eta bihar da.

Durangon,

bi mila eta hogeiko martxoaren hogeita hamaikan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.