[dotb.eus] Durangoko Azoka online dendako lehenengo eskaerak bidaltzen hasi dira

  • 23
    Shares
Gaurko Ikasle Goiza eta gero, bihar hasiko dira lehenengo jarduerak, eta baita “Zu non, han DA!” egitasmoko kontzertuak

DURANGO.- Hasi da Durangoko Azokako 55. edizioa! Goizeko 10:00etan hasi da martxan Azokako online denda, eta kulturzaleak euren eskariak egiten hasi dira: diskoak, liburuak, ikus-entzunezkoak, komikiak… Landako Guneko biltegira heldu dira lehenengo eskariak, eta lehenengo kutxa Balmasedara bidali da. Goizean zehar hainbat arazo tekniko izan ditu webguneak, eskaera kopurua dela eta, eta ordu batzuetan online denda ez da eskuragarri egon. 15:00etan berriro abiatu da online denda, eta eskariak heldu dira Euskal Herri osotik, baita Euskal Herritik kanpora ere.

Landako Guneko biltegian lehenengo kutxak prestatu diren bitartean, Landako Gunean bertan ere Ikasle Goizeko aurrez aurreko jarduerak antolatu dira. Urtero bezala, beraz, ikasleei begirako eskaintzarekin hasi da Durangoko Azoka. 11:00etan Oihan Vegak eta Oizeder Mayok elkarrizketa-saioa gidatu dute, Durangoko hainbat ikastetxetako ikasleen aurrean. Gonbidatuak Aitor Arana, Erika Elizari, Kai Nakai eta Liher musika-taldea izan dira. Horrez gain, www.durangokoazoka.eus webgunean ere hainbat tailer eskaini dira: blender, bikoizketa, yogipuinak, ilustrazioa…

Gaur 18:00etan izan da inaugurazio-ekitaldia, eta 19:30ean Kai Nakaik bere lehenengo kontzertua eskaini du Plateruenan. Ekitaldi biak streaming bidez jarraitu ahal izan dira Azokako webgunean.

Bihar, abenduak 5, hasiko da Durangoko Azokako “ohiko” egitaraua, kontzertu, solasaldi, proiekzio eta bestelako kultur jarduerekin. Landakon, egunero bezala, lehenengo ikuskizunak familientzat izango dira: ipuin kontaketak, itzalekin egindako “Itsas hariak” antzerkia… 12:00etako mahainguruaren gaia “Emakumearen presentzia musikaren industrian, covid-19 garaian” izango da, Olatz Salvador, Saioa Torre eta Iratxe Reparazekin. Literatur solasaldien kasuan, hainbat sortzaile izango ditugu: Asisko Urmeneta, Leire Bilbao, Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Jakoba Errekondo, Miren Agur Meabe, Ane Pikaza, Antxine Mendizabal… 19:00etan beste mahainguru interesgarri bat egongo da: “Zergatik da zuzeneko kultura ordezkaezina?”. Kasu honetan, partehartzaileak Amancay Gaztañaga, Shakti Olaizola eta Miriam Romatet izango dira.

Plateruenaren kasuan, goizeko 11:00etatik 20:50ak arte disko aurkezpen ugari izango ditugu: Bulego, Mihise, Moxal, Xskara, Amorante, Izatefaltsua… Bai Plateruena bai Landakoko ekitaldi guztiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira www.durangokoazoka.eus webgunean, eta agortuta ez dauden ikuskizunetarako sarrerak ere eskuratu ahal izango dira.

Durangon ekitaldiak antolatzeaz gain, Euskal Herriko hainbat herritan ere kontzertuak antolatuko dira bihar, “Zu non, han DA!” ekimenaren baitan. Atarrabiako Totem aretoan Liher eta Sorkarik joko du, eta Donostiako Dabadaban, ostera, Silicies Grizzlies eta Kyxo egongo dira. Kontzertu horietarako sarrerak agortu dira. Azpeitiako Soreasu aretoan ere Gatibu ikusteko sarrerak agortu dira, 19:00etan. Baina bigarren pase bat antolatu dute 16:30erako eta oraindik sarrerak eskuratu daitezke www.durangokoazoka.eus webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.