‘Zeldak -Gorputz honetatik-‘ poema-bilduma saritu dute 35 urtetik beherakoen kategorian
DURANGO.- XVI. edizio honetan, Lauaxeta Ikus-entzunezkoen saria Amaia Merino Unzueta eta Miguel Ángel Llamas Montoya zuzendariek jaso dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, `Non dago Mikel´ lanagatik. Bestalde, Lauaxeta Poesia Sariei dagokienez, 35 urtetik gorakoen kategorian, Jon Gerediaga izan da saritua, `Natura berriak´ poema liburuagatik; 35 urtetik beherakoen kategorian, berriz, Elena Olave izan da saritua, `Zeldak-Gorputz honetatik´ poema-bildumagatik.
Unai Rementeria Maiz Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta kirol foru diputatuak 2020ko Lauaxeta Sariak banatu dituzte Foru Jauregian egin den ekitaldian.
Zeldak -Gorputz honetatik-
Epaimahaiaren iritziz: `Elena Olaveren (Durango 1997) liburuaren izenburu osoa Zeldak -Gorputz honetatik- da, eta ez arina egin den ohar hori, zeren nitasun baten egoera estua ageri du tituluak. Abiapuntu garbia hartu du poetak, norberaren gorputza hizkuntza poetiko latza osatzeko bere lehen poema liburu horretan. Munduak sortu dizkion deserosotasunak dira liburuaren ibilbidearen oinarri, eta liburuko ataletan poeta gazteak bilaketa egin du errealitateak jartzen dizkion mugen aurka, betiere gorputza jarriz subjektibotasunaren aurkikuntzarako egindako bidean. Artearen Historian lizentziaduna denez, ez dira falta artearen ekarpenak eta errealitatea islatzeko hizkuntzak dituen mugei buruzko hausnarketak, zalantzez eta sentimenduen ikuskizunez. Bilakaera horretan beste idazleei egindako aipuek zeresan handia dute, lagungarri baitira norberaren izaeraz egindako bidaia honetan.
Elena Olave gaztetan hasi zen idazten. Durangoko Udalak antolatzen duen Julene Azpeitia saria irabazi zuen 2015ean Ane Inventarium ipuinarekin, Herriko gazteek argitaratzen duten «Berbak» aldizkarian ere hainbat ekarpen egina da.
Zeldak liburua bere lehen liburua da eta 18 urte zituela hasi zen idazten. Unibertsitatean landutako Louise Bourgeoisen lanak eragina izan zuen Elenaren sorkuntzan. Bourgeois artistak bezala, zeldetan egituratutako lana da Zeldak poema liburua. Bi urtez jardun zuen liburuan bildutako poemak idazten eta Balea Zuria argitaletxeak kaleratu zion. Joseba Sarrionandia iurretar idazleak egin zuen liburuaren hitzaurrea.