[dotb.eus] Emakumeen Master Cup Txapelketa ospatuko da igandean Berrizen

Urteko pilotaririk onenak arituko dira Berrizen
Eguerdiko 12.00etatik aurrera jokatuko dira partidak

DOT KIROLAK.- Datorren igandean LABORAL KUTXA EITB Master jaialdia jokatuko da Berrizko udal pilotalekuan, eguerdiko 12.00etatik aurrera. Jaialdia ETB-k zuzenean emango du eta bertan Emakume Master Cupeko urteko pilotaririk onenak arituko dira.

Orlan Isoird, Berrizko alkateak, eta Lorea Rementeria, berdintasun zinegotziak adierazi dutenez Berrizentzat “garrantzitsua da emakumeen kirola sustatzea Berdintasun Plan barnean jasota dagoen bezala. Orain dela urte bi hasi ginen txapelketa honetan parte hartzen eta horrela jarraitzeko asmoa dugu” azpimarratu zuten.

Jaialdia bi partidek osatuko dute, lehenengoa lau eta erdiaren barruan eta bertan Miriam Arrillaga eta Leire Garai arituko dira elkarren aurka. Bigarrena binakakoa izango da eta bertan lehiatuko direnak Iera Agirre-Leire Etxaniz eta Olatz Arrizabalaga-Maite Ruiz de Larramendi izango dira.

Esan beharra dago, berez, Miren Larrarte eta Patri Espinar ere jokatzekoak zirela, baina gipuzkoarra eskuko minez dago eta Usansolokoak ezingo du Berrizen egon bidaia batean dagoelako. Hala ere, biek ala biek lehen mailako ordezkoak izango dituzte eta ikuskizuna ziurtaturik dago.

Binakakorako izen ematea zabalik

Baina emakumeen esku pilotak ez du etenik eta LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUPeko antolatzaileak dagoeneko lanean dira hurrengo txapelketak prestatzen. Esaterako, irekita dago urtarrilaren 10era arte Binakako txapelketarako izen ematea. Oraingo honetan bi maila izango dira; pilota goxoa eta pilota mistoa. Parte hartzeko interesa dutenek banaka eman behar dute izena eta antolakuntzak osatuko ditu bikoteak, txapelketak ahalik eta orekatuenak suerta daitezen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.