Irailaren 25etik azaroaren 10era bitartean Durangaldeko eskoletan arituko dira

DURANGALDEA.– Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Euskara Zerbitzuak eta Bizkaiko Urtxintxa Eskolak “Familian euskaraz jolasean” programa jarri dute martxan aurten ere.
Kalean eta parkeetan euskara erabilita, familia barneko euskarazko harremanak indartu nahi dira egitasmo honen bitartez. Horretarako, Urtxintxa Eskolako hezitzaileek euskarazko jolas eta abestiak erakutsiko dizkiete gurasoei eta umeei; ondoren, etxean edo beste edozein lekutan praktikan jar ditzaten.
Ekimena 3-8 urte bitarteko haurrak dituzten familiei dago zuzenduta. Ordubeteko saio ludikoak izango dira eta irailaren 25etik azaroaren 10era bitartean burutuko dira. Bertan, gozamenaren bidez landuko da hizkuntza, umeek euskara bizipen positiboekin lotzeko.