[dotb.eus] Garaiko udalak toponimia-mapa berritzeko ikerketa-beka emateko deialdia egin du

  • 23
    Shares
2.250 euroko esleipena izango du lan honek
Ikerketa-bekara norbanakoak aurkeztu ahal izango dira

GARAI.- Garaiko Udalaren 2020ko aurrekontuen barruan dago Garaiko leku-izenak edo toponimoak berreskuratzea eta normalizatzea; bide batez, lehendik argitaraturik egon den toponimia-mapa berrikusi, osatu eta berrargitaratzeko urratsak eginez. Horretarako, Garaiko Udalak ikerketa-beka baterako deialdia egingo du.

“Ikerketa-lanaren funtsezko helburua dugu azterlan bat egitea Garaiko etxe, baserri, bide, mendi, erreka eta auzoen izenen toponimoen ondare historikoa jasotzeko, zaintzeko eta normalizatzeko”, azaldu du, Erramun Osa, Garaiko alkateak. Horren ondotik, azterlana toponimia-mapa eraberritzeko oinarri gisa hartuko da. Izan ere, indarrean dagoen Garaiko toponimia-mapa 2008ko uztailean argitaratu zen, “hainbat akats ditu eta zaharkiturik gelditu da”.

Ikerketa-bekak 2.250 euroko esleipena izango du. Ikerketa-bekara norbanakoak aurkeztu ahal izango dira, gutxienez, erdi-mailako tituluren bat eta Europako Erreferentzia Markoaren C1 maila -Euskaltzaindiaren D titulua, EGA titulua edo baliokidea- izatea ezinbestekoa izango da. Hautagaiek, besteak beste, ikerketaren helburuak, lan-plangintza eta begiz jotako emaitzak aurkeztu eta antzeko lanetan eskarmentua dutela frogatu beharko dute. Lana egiteko epea sei hilekoa izango da, ikerketa egingo duena aukeratu eta interesdunari jakinarazi ondoren. Aurkeztutako proiektuen memoriek ez badute aldeko baloraziorik jasotzen, beka esleitu gabe gera daiteke.

Epaimahai batek ebaluatuko eta aukeratuko ditu proiektuak. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: alkateak -epaimahaiaren buru gisa jardungo duena-, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkari batek (Onomastikan ezagutza duenak), Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak izendaturiko ordezkari batek (Onomastikan ezagutza duenak), Gerediagako ordezkari batek eta Euskaltzaindiko ordezkari batek. Epaimahaiaren idazkaria Garaiko udaleko idazkaria izango da.

Ikerketa-lanaren Zuzendaritza akademikoa Euskaltzaindiak egingo du eta lanaren behin betiko bertsioak Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen aldeko irizpena eduki beharko du. Horretarako, Garaiko Udalak Euskaltzaindiarekin lankidetza-hitzarmena izenpetuko du. Horren ondoren, toponimia-mapa berritua argitaratuko da 2021ean.

Ikerketa-bekarako deialdiaren oinarriak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Era berean, Garaiko Udalaren webgunearen bidez edota udalean bertan ere eskuratu ahal izango dira. Garaiko Udala ikerketa-bekaren deialdia zabalduko du herriko iragarki-tauletan eta hedabideen bidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.