Bigarren gradua onartu eta gero

DURANGO.- Laster Gorka Fraile preso durangarra bere familiatik gertuago izango da. Hemendik gutxira Badajoz utzi eta Santoñako El Dueso-ko kartzelara hurbilduko dute. Atzo informatu zutenez, berari atzo arratsaldean jakinarazi zioten horrela izango zela bigarren gradua onartu ondoren. «Gorkak aipatu du egunak eta asteak pasa daitezkeela mugimenduak eman arte. Lekualdatzeak astearteetan izaten dira, hamabostero. Pazientziarekin hartu behar dela aipatu du. Hainbat kide lekuz aldatzeko hilabeteak pasatu dira…», azaldu zuten atzo.
«Berria elkarbizitzarako positiboa dela iruditzen zaigu. Notizia honek, familia eta lagunen mina arindu egiten baitu. Lagun eta senideek bisita bat egiteko asteburu guztia behar izaten zuten atzora arte eta hemendik aurrera goiza nahikoa izango da joan etorria egiteko. Hala ere, ikusten dugu Gorkak gaixorik jarraitzen duela… eta legearen arabera etxean egon beharko lukeela», adierazi dute Etxeratetik.
«Basauri, Zaballa… horiek dira Euskal Herriratzea ahalbidetuko zuten espetxeak. Zoritxarrez, azken urteetan salatu dugun bide berdinetik jarraitzen dugu, espetxeak ez du sendatzen eta estatuak Gorka eta senideen giza eskubideak urratzen jarraitzen du. Beste konponbide baterako esperantzarekin geunden…» gaineratu dute.