Berrizko EH Bilduk hauteskundeetarako hautagai zerrenda eta programa aurkeztu du

BERRIZ.- Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen hautagai zerrenda eta programa azaltzeko ekitaldia burutu zuen pasadan astean EH Bilduk Berrizko kultur etxe zaharrean.
Gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen zerrenda osatzen duten hainbat ordezkariren ahotik entzun zuten bertaratutakoek EH Bilduren proposamenen berri. Josu Albizuri alkategaiak Berrizen ere aldaketa posible dela sinetsita daudela azpimarratu zuen: “Posible da udalak eskaintzen dituen bitartekoak erabilita, bestelako herri-proiektu bat martxan jartzea”.
EH Bilduren udal hauteskundeetarako Berrizko zerrendan aurkezten diren Karmen Amezuak, Valen Estebanek, Eneritz Gorritxategik, Gorka Kamarak eta Xabat Olariagak ere hartu zuten berba ekitaldian. Koalizioaren programaren zutabeak aletu zituzten hautagaiek.
Aurkezpenaren ostean, kultur etxe zaharraren atarian jan-edanean eta solasean aritu ziren Berrizko EH Bilduren kanpaina hasiera ekitaldira bertaratutakoak.




