[dotb.eus] Hainbat ekitaldi Durangaldean 21. Korrikaren inguruan

Larunbatean helduko da Durangaldera aurtengo Korrika eta Korrika Txikia ostiralean ospatuko da
Aurten ere Korrika Txikiren ostean dantzaldia egongo da Landakon

DURANGALDEA.- Gaur sartzen da Korrika Bizkaian eta egun batzu barru Durangaldean izango dugu. Durangaldeko herriek hainbat ekitaldi antolatu dituzte ekimen hau ospatzeko.

Gaur bertan Berrizen solasaldi bat egongo da Berrizko Kultur Etxean Miren Amurizak idatzitako ‘Basa’ liburua aurkezteko, bertan Maite Berriozabal eta Miren Amurizaren egongo dira arratsaldeko zazpietatik aurrera.

Ordu berean, baina ostegunean, Bertso Korrika saioa antolatu dute Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Sarrera doakoa izango da eta bertan Onintza Enbeitia, Manu Goiogana, Aitor Bizkarra eta Gorka Pagonabarraga arituko dira kantuan. Gai jartzaile lanetan aldiz, Leire Vargas izango da.

Bestalde, Zornotzan antzerkia izango da protagonista bihar. ‘Hozkailua’ antzezlana egongo da ikusgai Zelaietako Kontzertu Gelan, dohainik. Huts teatroaren eskutik datorren lan honek Ander Lipus eta Patricia Urrutia jarriko ditu oholtza gainean zinezko adiskidantza bat azaleratu duen ezinezko bilketa baten istorioa den honetan.

Ostiralean Korrika Txikia

Ostiralean Korrika Txikiaren eguna izango da eskualdeko hainbat herritan. Durangon, esaterako, denak dantzan jarriko dituen koreografia bat antolatu dute Berbaro elkarteko kideek, gaztetxoak herriko kaleetatik korrika ibili eta gero Landakon dantzatzeko. Zornotzan goizeko 10.30-etatik aurrera hasiko da haurrentzako zuzenduta dagoen Korrika hau. Behin lasterketa amaituta, jaia antolatu dute Zelaietako frontoian. Arratsaldean aldiz, ‘Kiribil’ Zirko Tailerra egongo da, Herriko Plazan. 19.00-etan aldiz, poteo musikatua egongo da ‘Kittu’ taldearen eskutik Sukoi taberna aurretik hasita. Eta Iurretan ere 11.00etan Maiztegi eskolatik hasiko da Korrika Txikia eta ondoren plazan, mezu irakurketa, bertsoak, txokolatada eta DJa izango dute.

 

Berrizen ere Korrika txikia ospatuko da, arratsaldeko hiruretan. BBKtik eskolarainoko ibilbidea egingo dute bertaratzen diren umeek. Zaldibarren aldiz, eskola orduan ospatuko da Korrika Txikia.

Korrika Zaldibartik sartuko larunbatean

Larunbatean pasatuko den aurtengo Korrika Durangaldean. Zaldibartik sartuko da Korrika eskualdean 16.21etik aurrera. Ondoren, Berrizera abiatuko da zuzenean (16.35), gero Elorriorantz bidea hasteko (16.56). Abadiñora 18.20ean helduko da eta Durangotik 18.55ean pasatuko da. Iurretatik 19.30ean helduko da eta Zornotzara abiatuko da bertara 20.05ean heltzeko.

Paella lehiaketa batekin egingo diote harrera Korrikari Iurretako herrian. Parte hartu nahi dutenek ostegunera arte daukate zabalik izena emateko epea herriko tabernetan. 14.30ean bazkaria ospatuko da Askondoko karpan, eta ondoren, arratsalde osoan zehar eta Korrika herria zeharkatu arte, musika eta jai-giroan murgildutako egongo dira iurretarrak.

Gainontzeko herrietan ere, hamaika ekimen antolatu dituzte euskara bultzatzen duen Korrika sustatzeko eta ‘Klika’ egiteko mezua zabaltzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.