[dotb.eus] ‘Hitzez eta ahotsez’ edizio berria ostiral honetan San Agustin Kultur Gunean

  • 36
    Shares
Jendaurreko irakurraldi girotuak bi saio izango ditu 18:00etatik 19:00etara eta 19:30etik 20:30era
Aforo mugatua egongo da eta ikus-entzule gisa parte hartzeko erreserbak Arte eta Historia Museoan bertan edota 946030020 telefonoan

Ekitaldia datorren ostiralean izango da

DURANGO.- Pandemia egoera honek sortzen dituen burukomin eta mugei aurre egiteko neurriak hartuta, aurten ere eutsi egin nahi izan dute HITZEZ ETA AHOTSEZ auzolanean burutzen den herri ekimenari.

Martxoan Lorea Agirreren “Maitasuna maiteminetik harago” hitzaldiarekin eman zioten hasiera aurtengo edizioari, Arte eta Historia Museoan. (Museoarekin elkarlanean).

Apirilean berriz, Mireia Delgado eta Uribarri Atxotegi durangarrek “Maitasunaren material (ak)” ikuskizuna eskaini zuten San Agustin Kultur gunean (Bizenta Mogel Bibliotekarekin elkarlanean antolatutako ikuskizuna, San Agustin Kultur gunearen laguntzaz)

Hurrengo hitzordua IRAKURRALDI GIROTUA izango da, maiatzaren 7an. 

Formato aldaketa dakarte oraingoan. 

  • Iraupena:Laburragoa izango da. Aurreko urteetako 6-7 orduko ekitaldiaren ordez, oraingoan ordubeteko saio bi baino ez dituzte egingo. 
  • Tokia: Toki aldaketa ere badute. Plateruenean egiterik ez dutenez, San Agustin Kultur Gunean egingo dute. “Eskertzekoa egoera berezi honetan bertan eman dizkiguten aukerak eta erraztasunak”, azaldu dute antolatzaileek.
  • Partaideak: 300 lagunetik hurbil izaten ziren orain arte, aurten ordea 60 partaidera mugatu behar izan dute. “Lastima handiz, zozketa bidez aukeratu behar izango ditugu aurtengo partaideak”, aurreratu dute. 

Mugak muga, aurreko urteetan lez, aurten ere zenbait lagunek eurek sortutako testuak irakurriko dituzte. “Gurekin izango dira, ondo bidean; Paddy Rekalde, Josu Unzueta, Jose Julian Bakedano, Leire Bilbao, Peru Madalena, Andoni Barrena, Leire Narbaiza, Ane Arbeo, Markel Sanchez, Bilguneko zenbait partaide edota Toni Atutxa. Gainonerakoek ondorengo idazleen testuak irakurriko dituzte; Yolanda Arrieta, Josean Artze, Joseba Sarrionandia, Leire Bilbao, Mari Luz Esteban, Joxean Artze, Arantza Urretabizkaia, Goizalde Landabaso, Joxe Azurmendi, Eva Perez-Pons, Lizar Bengoa…”, Marisa Barrenak adierazi duenez.

Antzerkiak ere izango du lekua, Karrikako antzezleak ari dira prestaketa lanetan. Ander Ertzilla musikariak Elena Olaberen poema musikatuak eskainiko ditu. Gorka Valdesek trikiti soinuan alaituko du saioa.  Bertsolariek ere ez dute hitzordura hutsik egingo: Erika Lagoma, Eneko Abasolo, Kristina Mardaras, Justo Alberdi, Unai Iturriaga, Igor Elortza. Urteroko bidaia izaten Luhartz taldea ere batuko da maitasun girora.

Barrenak gaineratu du, “edozelan be, helburu nagusia irakurleak Euskal Literaturara hurbiltzea da. Euskaraz irakurtzeari beldurra kentzea, izotza urtzea, apurtzea. Zelanbait esatearren, euskaraz irakurtzeko zaletasuna gehitzea. Bide hori hauspotzeko Euskal Literaturen inguruan disziplina ezberdinetako eragileak biltzea egokitzat jotzen dugu”.

“Parte hartze aktiboa oso garrantzitsua da guretzat. Gaur egun kontsumo gizarte honek kultura arloan ere kontsumora bultzatzen gaitu. Kultura era pasiboan kontsumitzera. Guk beste bide bat jorratu nahi dugu. Aktibatzearen aldeko apostua egin nahi dugu. Mikroaren aurrean lehen aldiz jartzea gogorra da zenbaitentzat, baina ahalduntze modu bat ere bada gure ustez”, azpimarratu dute.

Bestalde, konturatu dira, jendaurrean testua irakurtzen duten askok “euskalduntasun titulua” lortzen dutela herritarren aurrean, batez ere euskara ikasten ari direnen kasuan. “2014an amets batetik sortutako Sarri Hitzez eta Ahotsez herri ekimenak bizirik dirau antolatzaileon eta partaideen ilusioari esker, aurtengoan MAITASUNA lekua eginez”, . 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.