[dotb.eus] ‘Hozkailua’ antzezlanak hasiera emango dio Abadiñoko IV. Antzerkiño jaialdiari

Gaur izango da Errota Kultur Etxean
Ander Lipus eta Patricia Urrutua dira antzezlanaren protagonistak

ABADIÑO.- Abadiñoko IV. Antzerkiño antzerki jaialdia azaroaren 10ean hasiko da Errota Kultur Etxean “Hozkailua” euskal lanarekin, eta ondoren beste 3 antzezlan eskainiko dira abenduaren 1era arte. Kultura arloko zinegotzi Eneko Etxebarriak azaldu duenez, jaialdiaren asmoa da kalitatezko antzerkia eskaintzea herritarrei prezio sinboliko batean (3€), talde profesional eta amateurren eskutik.

Huts Teatro talde profesionalak gaur hasiko du jaialdia “Hozkailua” lanarekin, zeinetan ikusiko ditugun Maite eta Karlos bikoteak bizi dituzten gorabeherak Jimmy euren lagunari Londresen agindu diotelako hil ondoren bere sorterrian ehortziko zutela, baina galdetu gabe non sortua zen.

Ondoren, azaroaren 17an Nafarroako Grupo Alhama talde amateurrak “Un burgués gentilhombre” komedia taularatuko du, hots, XVIII. mendeko estetikan blaitutako lan bat monsieur Jourdan zikoitz okitu eta berekoi amorratuak bizi dituen pasadizo komikoen inguruan eraikia. Azaroaren 24an, Nafarroako Kilkarrak talde amateurrak Londres victorianoan kokatutako “La ópera de los suburbios” lana antzeztuko du.

Jaialdiari amaiera emateko, abenduaren 1ean Mulädarra konpainiak I INI CE lana eskainiko du, Afrikaz maitemindutako zazpi emakumek kontinente horren omenez prestatutako musika eta dantza ikuskizuna.

Eneko Etxebarriak gogoratu du aukera dagoela zortzi euroko bono bat eskuratzeko lau lanak ikusteko, denak ere Errota Kultur Etxean eta 19:00etan.

DOTB

Durangaldeko Informazioa eta Albisteak. Información y Noticias de Durangaldea

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.