[dotb.eus] Joseba Sarrionandiaren obra hizpide Elorrion Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko

Apirilak 16tik 27ra bitartean hainbat ekimen antolatu dituzte Sarrionandiaren bizitza eta literatura ezagutzeko
Urtero berritzeko asmoa daukan ekimen berri bat martxan jarri du Elorrioko udalak

ELORRIO.- Sarrionandiaren figura kontuan hartuta, hainbat ekimen antolatu dituzte Elorrion Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Joseba Sarrionandia idazle iurretarraren bizitza eta haren literatura ezagutzeko aukera izango dute elorriarrek apirilean zehar.

Hasteko, apirilak 16tik 27ra bitartean, Elorrioko liburutegiak Sarrionandiaren obra guztia eskuragarri izango du maileguan hartzeko. Apirilaren 19an, ‘Irakurketaz’ poesia-performance-a egingo dute plaza inguruan.

“Elorriarrak irakurketara bultzatu nahi ditugu, eta horretarako bitartekoak eta noizbehinka horrelako egitasmoak jarri nahi dizkiegu eskuragarri. Elorrioko liburutegiak sei alditan irabazi du, azkena 2017an, estatu mailako Maria Moliner saria irakurzaletasuna sustatzearren, eta hori lan onaren seinale da. Irakurzaletasuna bultzatzen jarraitu asmoz, alboan, Iurretan, jaio zitzaigun idazle paregabe baten ibilbidea errepasatuko dugu, liburutegitik atera eta kultur adierazpen ezberdinetan ezagutaraziz”, azaldu du Txus Arrieta Euskara, Hezkuntza eta Gizarte arloko zinegotziak. Gainera, ekimen hau urtero errepikatzeko asmoz jaio dela nabarmendu nahi izan du Arrietak.

Apirilaren 26an, berriz, Peru Magdalena durangarrak eta Pello Salaberria elorriarrak duela gutxi ekoitzitako ‘Joseba Sarrionandia. Hemen eta Han’ dokumentala eskainiko da Arriolan. Bertan, Sarrionandiarenaz gain, hurbileko izan dituen lagunen eta artisten parte hartzea jasotzen da. Izenburuak iradokitzen duen moduan, hemen eta han kokatzen da dokumentala, Euskal Herrian eta Kuban, alegia. Dokumentalaren ostean, Magdalena zuzendariak solasaldia irekiko du Sarrionandiaren figura aztertzeko eta irakurzaletasunaz solasteko.

Horrela, Apirilaren 23a Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, urtero berritzeko asmoa daukan ekimen berri bat martxan jarri du bertako udalak.

DOTB

Durangaldeko Informazioa eta Albisteak. Información y Noticias de Durangaldea

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *