[dotb.eus] Martxan jarri da Elorrion guraso eta haurrentzako ‘Hazigunea’

Udalak gurasoen eta haurren premiei erantzun nahi izan die ekimen honekin. Gurasoen ardurapean dihardu urte hasieraz geroztik
Gurasoak arduratuko dira lokala zabaldu eta ixteaz

ELORRIO.- Joan den urteko ekainean izan zuten lehenengo bilera Udalak eta guraso talde batek Hazigunea izango zena taxutzen hasteko. Gurasoen kezka eta nahi horren berri bazuen Udalak, eta haiekin harremanetan jartzea erabaki zuen lehen Ludoteka zenari haize berria eman, eta guraso eta haurren premiak asetzeko gune egokia izan zitekeela iritzita. Azpiegitura uzteko prest zegoen Udala, baldin eta gurasoek eurek hartzen bazuten kudeaketaren ardura. Horren aurrean, udalarekin hitz egin ondoren, guraso talde txiki bat elkartu zen hasieran, eta egitasmoaren oinarria diseinatu zuten, bideari hasiera emateko. Abenduan egin zuten bigarren bileraren ondoren, Hazigunea martxan jartzea erabaki zuten.

Izan ere, San Juan kalean dagoen ‘Ametsola’ izeneko gunea haurrentzako, horien gurasoentzako eta nerabeentzako txoko da, Udalak, adingabekoei aisialdi-zerbitzu integrala eskaintzeko egokitutako espazioa; ‘Hazigunea’ eta ‘Gozagunea’ izeneko txokoek partekatzen dutena.

Beste udalerri batzuetako esperientziak eredu

Beste hainbat udalerritan martxan zeuden antzeko beste proiektu batzuen berri jaso zuten (Antzuola, Aramaio, Gernikako Astra Txiki, etab.), eta herriko guraso taldearen premiak aztertuta, ekimenari itxura ematea erabaki zuten. Gune berri honetan, haurren eta gurasoen aisialdia sustatu nahi da, gune estali bat eta jolas-gune moldagarria eskainiz.

Helburua

Familientzako espazio ludiko autogestionatua izatea da helburu nagusia; bertako kideen artean diseinatuko dute jarduna eta gunea dinamizatu, gauzatu, zaindu, garbitu eta abar. Denek dute ardura maila bera, eta inplikazio handia eskatzen du ekimenak. Hortaz, gurasoek irudikatzen duten “Hazigunea” haurrekin batera jolasten, sortzen, garbitzen eta ondo pasatzen gauzatu nahi dute. Eskolan egiten dituztenen bestelako ekintzak proposatu nahi dituzte bertan, baina, gainera, gehien maite dituzten pertsonak alboan izanik.

Hala ere, jakitun dira egitasmoak behar bezala funtzionatzeko elkarbizitzarako jarrera oso positiboa izan behar dutela; elkar laguntzeko eta entzuteko jarrera, eta errespetuzkoa eta arduratsua. Hartara, jarrera horiek haurrei ere helaraztea lortzea dute xede.

Gestioa gurasoen esku

Hasieran behintzat astean bi arratsaldetan zabalduko dute, 16:30etik 19:00etara, eta gurasoak arduratuko dira lokala zabaldu eta ixteaz; txandaka egingo dute, ardurak partekatzeko.

Hazigunean zein bere kasa ibil daiteke jolasean, bertako gune eta txokoetan; horretarako aurreikusi dituzte sormen txokoa, koltxonetak eta merienda-txokoa. Hala ere, hamabostean behin denontzako tailer bat egingo dute, eta bertan parte hartzeko konpromisoa eskatzen zaie ekimenaren parte diren gurasoei.

Parte hartu nahi duten gurasoek izena eman behar dute, bertara joanda edo haziguneelorrio@gmail.com helbidean, eta dagoeneko parte diren gurasoek dituzten ardura berberak eskatuko zaizkie berriei ere. Eskaera handia dagoela azaldu digute parte-hartzaileek, eta lehenbailehen izena ematea gomendatzen dute.

Ilusio handiarekin ekin diote bideari orain arte dauden 30 familiek, ‘oso pozik’ daude eta Udalaren jarrera eskertzen dute, erraztasun guztiak eman dizkielako ekimena martxan jartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.