[dotb.eus] Merinaldeko Ezpatadantzari Egunaren 50. urteurrena Iurretan ospatuko da

1967an Iurretan ospatu zen lehenengoz, irailaren 24an ere, Ezpatadantzarien Eguna
Iurretan ospatu zen lehenengoz Ezpatadantzari Eguna. Argazkia: Gerediaga Elkartea artxiboa

IURRETA.- Aurten, Gerediaga Elkarteak, Durangaldeko dantza taldeek eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak, elkarlanean, Ezpatadantzari eguna antolatu dute irailaren 24rako, Iurretan.

1967an Iurretan ospatu zen lehenengoz, irailaren 24an ere, Ezpatadantzarien Eguna. Ordutik, “Dantzari dantza” izenarekin ezagutzen den bederatzi dantzak osatzen duten multzoa ezagutzera ematea izan da helburua.

“Dantzari dantza” edo gaur egun “Bizkaiko Ezpatadantza” izenarekin ezagututako dantzak Durangaldean mendeetan zehar iraun ondoren eskualde honetatik Bizkaiko lurraldeetara zabaldu ziren XX. mende hasieran.

Jatorrian lurralde zabalago baten dantzatutako dantzak izan omen ziren, baina XIX. mendearen bukaeran Mañaria, Izurtza, Abadiño, Iurreta, Berriz, eta Garaiko elizateetan bakarrik dantzatzen ziren. XX. Mendearen hasieran, berriz, berpizkunde handi baten ondoren, Bizkaiko lurralde gehienetara zabaldu zen, gaur egun ezagutzen dugun ikur bihurtu arte.

Dantzari dantza bederatzi dantzak osatzen dute: agintariena (lehengoa eta ikusgarriena, Durangaldeko zenbait elizatek mantendu izan duten banderak dantzarien gainean eraikitzen direlako). Jarraian zortzinangoa, ezpata joko txikia, banangoa, binangoa, ezpata joko nagusia, launangoa, makil-dantza eta txotxongiloa dantzatzen dira.
Bukatzeko soka dantza edo erregelak plazaratzen dira: aurreskua eta atzeskua.

Egitaraua:

12,30ean: Dantzarien kalejira, Aita San Migel plazatik Iurretara eta buelta.
13,00etan: Dantzari dantza eta Soka dantza edo erregelak Aita San Migel plazan.
15:00etan: Herri bazkaria Askondo aterpean. Ondoren erromeria eta kalejira Iurretan zehar

Partaideak:

Durangaldeko 11 dantza talde: Iurretatik lau talde, Izurtza, Garai eta Mañaritik talde bana, Berriztik Iremiñe eta San Lorentzo dantza taldeak eta Durangotik Txoritxu Alai eta Kriskitin dantza taldeak.

Edizio honetan laguntzaile berezia eskaini dute Mikel Deuna dantza taldea, Iurretako Udala eta Kofradiak, Smurfit Kappa, Zarate-Elexpe eta herriko taberna-jatetxeek.

DOTB

Durangaldeko Informazioa eta Albisteak. Información y Noticias de Durangaldea

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *