dotb.eus | Nerea Mujika: “Bisitaria ikusle izatetik partehartzaile izatera pasatzen ari da”

Gaur goizean aurtengo edizioaren balorazioa egin dute Durangoko Azokaren arduradunek
31086673130_70df9d08d6_z
Gaur goizean Azokaren balorazioa egin dute arduradunek

DURANGO.- Gaur goizean egindako balorazioan, Nerea Mujikak, Gerediako presidenteak adierazi duenez giro ezin hobea egon da azokako egunotan “adibidez larunbatean 4 edo 5 kalejira elkartu ziren inguruan, horregaitik esaten dugu Durangoko Azoka bizitzekoa dala”.

Gerediagako presidentea den Nerea Mujika, Saguganbarako kudeatzaile Itsaso Gangoitia (Azokako zortzi guneen izenean), MIE Musika Industria Elkarteko Ruth Manzano eta EEE Euskal Editoreen Elkarteko kide Pello Elzaburu egon dira gaur goizeko balorazioan.

Nerea Mujikak aipatu duenez, Durangoko Azokak aurtengo edizioaren balorazio positiboa egin du, zenbatekoei dagokionez eta batez ere nolakotasunei dagokionez ere. “Bizitzekoa DA” izan da aurtengo leloa, eta helburu hori bete egin dela azpimarratu du Gerediagako presidenteak: “Gero eta gehiago, bisitaria ikusle izatetik partehartzaile izatera igarotzen ari da. Azoka ez da erakusleiho hutsa, Azoka plaza bat da, euskal kulturaren plaza, eta gero eta gehiago gara plaza honetan parte hartzen dugunak: boluntariotza programaren, topaketa ezberdinen edota egitarauko hainbat jarduera parte-hartzaileren bitartez”. Horren adibide izan da azken lau egunetan Landako barruan eta Landakotik kanpo ere egon den giro ederra. Eguraldia lagun, jendez lepo egon dira Durangoko kaleak, eta hamaika jarduera egon dira bazter guztietan: kalejirak, dantza-plazak, aldarrikapenak eta abar.

Datuei erreparatuz gero ere, 51DA emankorra izan da. Egun baten faltan, aurreko urteetako bisitari-kopurua errepikatu du Azokak: zehatzago, iazko kopurutik apur bat beherago momentuz, baina gaurko egunarekin iazko kopuruetara heltzea espero da

Aurten egindako eskaintza berriek  ere harrera ona izan dituzte, “ikasleen egun bi jartzearekin ikasle uholdeak jaso ditugu bai ostiralean baita ere astelehenean. Eta helduentzako tailerrak ere oso ondo funtzionatu dute, datorren urtean errepikatzeko asmoa dugu baina hobekuntzekin”.

Azokako guneen balorazioa

Saguganbarako kudeatzaile Itsaso Gangoitiak Azokako gune guztien balorazioa egin du gaurko prentsaurrekoan. Etxetik hasi du balorazioa. Aipatu duenez, “Saguganbaran umeen sormena programazioaren erdigunean jarri dugu. Horren adibide argiena atzoko ‘Talentue Plazara’. Eszenatokira igo eta egiten zekiten erakusteko irrikan zeuden guztiak. Hiru orduko emanaldia egin zuten denen artean”. Azpimarratu duen legez, Saguganbarak erreferentzialtasuna irabazi du familia-plana dutenen artean. “Publiko fidela dugu eta asko dira Landakotik buelta egin eta Saguganbarara datozenak”.

Ahotsenean 123 proposamen aurkeztu dira eta publikoak, ohikoan bezala, erantzun du. Zuzenekoek kokagune aldaketa izan dute aurten eta formatua bera ere moldatu egin da espazio horretara. Baina hau ez da traba izan bertan jo duten sortzaileentzat. Izan ere, publikoarekiko gertuago sentitu dira. Solasaldien guneari dagokionez, gero eta ezagunagoa dela nabarmendu nahi izan dute. Sortzaileak gero eta aurkezpen ezberdinagoak eskatzen dituzte, performanceak, errezitaldiak… Hurrengo urtean ekimenak hamar urte beteko ditu.

Kabian nabarmentzekoa da komunitateek hartu duten garrantzia. Gaur egun, esan dezakegu, euskarazko eduki digitalen topagune esanguratsua bihurtu dela, ez bakarrik proiektua aurkeztu eta ezagutzera emateko. Horrez gain, proiektuetan lan egiteko ere lekua bada. Gaurko eguna dugu horren adibide. Librezale taldeak libreoffice.org gunea euskaratzeko maratoia antolatu du eta euskarazko mundu digitalari ekarpena egingo zaio horrela.

Areto Nagusia eskaintza aldetik oso anitza izan da, baina batez ere gai sozialak nabarmendu dira. Bozgorailu bat izaten jarraitzen du proiektuak aurkezteko, hausnarketa plazaratzeko, ikerketak gizarteratzeko eta zabalkunde lanen berri emateko. Bestetik, hirugarren urtez, Gogoetaren Plazak hausnarketa mamitsuak utzi dizkigu kulturgintzaz.

Irudienean igarri dute euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaileek bertan egon nahi dutela. Urteko ekoizpen esanguratsuen lekua bihurtzen ari da. Publikoa ere iritzi berdinekoa da eta sortzaileak bertan izatea bereziki eskertzen du. Irudienea ez da ikus-entzunezko baten emanaldi hutsa, protagonistak ikuslearekin hartu-emana izateko lekua ere bada. Ikusle kopuruak goranzko joera erakutsi du aurten ere.

Azoka TBn 100 elkarrizketatik gora izan dira eta egunero 10 orduko emisioa izan du. Hau hedabide ezberdinetako elkarlanaren fruitua da. Streaming bidez ematen den edukia gero eta webgune gehiagok jasotzen dute. Horrek Azoka TBren irismena handitu egin du.

Platerueneko kontzertuetan, aforoa betetzear izan dute ia egunero. Plan ona bihurtu da azokak ateak ixten dituenerako.

Amaitzeko, Szenatokian antzezlanen eskaintzan apostua egin da eta bueltan kopuru positiboak uzten ari da. Maratoiak bere publiko fidela izaten jarraitzen du, programatutako obretan bi minutuko txalo zaparradak ere izan dira eta gaurko arratsaldeko emanaldirako sarrerak herenegun agortu ziren.

Landakoko ate itxiera 19:45ean izango da, beste behin ere, Karrika Antzerki Taldearen eskutik, Donostia 2016ren ekimenez. Eguna, egunero bezala, Plateruenan amaituko da, 20:00etan Bide Ertzean taldearen eskutik.

DOTB

Durangaldeko Informazioa eta Albisteak. Información y Noticias de Durangaldea

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *