dotb Durangaldeko Telebista

[dotb.eus] Sinadurak batuko dituzte Iurretako Abadetxea erabiltzeko

Iurreta Plazaratu dinamikak jarri du martxan ekimena
2006an gertatutako sutearen ostetik, abadetxea hutsik dago. ARGAZKIA: Iurreta Plazaratu

IURRETA.-  Iurreta Plazaratu dinamikak Iurretako Abadetxea erabiltzearen aldeko sinadura bilketa jarriko du martxan. Datorren domekako txitxiburduntzi egunean hasiko dira iurretarren sinadurak batzen, eta otsailean zehar hainbat egunetan egongo da sinatzeko aukera. Gainera, herriko elkarteei ere atxikimendua eskatuko die Iurreta Plazaratuk Herritar guztiak sinatzera animatu ditu Iurreta Plazaratuk. Sinaduren bitartez, Abadetxea herriko ekintza soziokulturalerako erabili ahal izatea eskatuko zaio gotzaindegiari.

Azaldu dutenez Iurretako herriak abadetxea eraiki zuen XVIII. mendearen erdialdean, herrian zeuden abadeei aterpea emateko. Beharra zuten bitartean erabiliko zutela adostu zuten bi aldeek. XIX. mende amaieran, gotzaindegiak bere izenean erregistratu zuen eraikina. Gerora, XX. mendearen erdialdetik aurrera, abadetxea herriko gazte, dantzari eta elkarteen biltoki ere bihurtu zen, abade batzuek eskuzabaltasunez ateak zabaldu eta gero. Baina, 2006an gertatutako sutearen ostetik, abadetxea hutsik dago.

Iurreta Plazaratu dinamikak uste du berriro ere abadetxearen ateak elkarteei eta herritarrei zabaltzeak onura ekarri ahalko lukeela, bizitza soziokulturala berpizteko, eta herriko leku garrantzitsu den plaza biziberritzeko. Duela urte eta erdi dinamika abiatu zuenetik hainbat ekintza garatu ditu Iurreta Plazaratuk, eta argi ikusi da herritarren partetik badagoela abadetxeari bizia emateko gogoa.

Hauek dira sinadurak batzeko datak:
-Otsailak 16, Txitxiburduntzian zehar plazan
-Otsailak 22, Karnabaletan, 11:30etik aurrera
-Otsailak 27/28, 18:00etatik 20:00etara Dantzari plazan
-Otsailak 29/ Martxoak 1, 12:30etik 14:00etara Bixente Kapanagan
-Urki liburudendan ere uneoro sinatzeko aukera egongo da

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.