Durangaldeko argitalpenak” eta “Durangaldeko sortzaileak” bi erakusmahai prestatu dituzte lan guztien erakusgarri
DURANGALDEA | Durangaldeko zigilua duten ia 100 lan eskuragarri izango dira aurten Durangoko Azokan. Durangaldeko eragileei eta sortzaileei ikusgarritasuna eman eta Durangaldeko lanak ezagutzeko interesa dutenei begira, lan guztiak elkartuta bidea erreztea da ekimenaren helburua.
Aurten berritasun garrantzitsua du, gainera. Dibulgazio eta sormen lanak bereiztuta erakutsiko ditugu. Batetik, eskualde mailako erakunde, elkarte eta taldeek euren argitalpenak erakusmahai batean erakutsiko dituzte. Honakoa urtero egin izan dute.
Berritasuna, bigarren erakusmahaiak dakar. Alboan izango den erakusmahaia izango bada ere, eskualdeko sortzaileak nabarmendu nahi dituzte, idazleak eta musikariak. Euretako batzuen kasuan, Azokan parte hartzen duten argitaletxe edo diskoetxeekin argitaratu dute euren lan berria.
Baina erakusmahai berezitu honetan ere eskuragarri jarriko dituzte euren sormen lanak. Erakusmahaiak, gainera, itxura ezberdina izango du. Katalin Txurruka Durangoko gazte sortzaileari enkargatu diote Durangaldeko sortzaileak batuko dituen erakusmahaiaren diseinua. 95 lan aurkituko ditu bisitariak bi erakusmahaietan: 70 dibulgazio lanak dira eta Durangaldeko 12 eragileren eskutik izango dira azokan. Sortzaileei dagokionez, 22 sortzaileren lanak eskuragarri izango dira, eta guztira 25 sormen lan.
Eragile eta sortzaileen zerrenda
Paule San Salvador del Valle, Javier, San Salvador del Valle, Elaia Torres, Peru Magdalena eta Iraia Okina, Oihana Azkorbebeitia, Meison, Ezta Ilen , Ainke, Garraio, Saroa Bikandi, Peru Magdalena eta Maria Uriarte, Saroa Bikandi eta Amaia Egidazu, Ander Ertzilla, Julen Apella, Fitoskins, Peio Azkarate, Estutu, Laura Fernandes, Nevadah, Zeker, Kohatu, Mikel Uribelarrea, Usue Egia, Goiuria
Ikastola, Berrizko Udala, Silboberri, Asociación Parkinson Nervion-Ibaizabal, Marian Diaz, Rikardo Ajuria, Anboto, Joaquin Olaortua, Elorrioko turismo bulegoa, Mallabiko udala, Umerri eskola aktiboa, eta Joseba Agirre.
Durangoko Udalak erakusmahai propioa izaten du. Gerediaga Elkartea eta Durangaldeko Argitalpenak zein sortzaileen erakusmahaiaren jarraian izaten da. Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesarekin antolatzen du Gerediaga Elkarteak leku berezitu hau azokan. Amankomunazgoaren babesarekin ere, elkarteak hurrengo urteko egutegia argitaratzen du.
Ohiturari jarraituz, Durangaldeko argazki zaharrak dira egutegiko 12 hilabeteak janzteko aukeratutakoak. Horrez gain, Amankomunazgoak eta Eroski Fundazioak adostutako hitzarmenari esker, ‘Txalopin txalo’ liburuxka eskuragarri izango da stand-ean. Akordio hau Mankomunitateak garatutako ‘Familian Euskaraz Olgetan’ programaren barruan kokatzen da. Programa horren helburua da haurrek eta haien familiek euskarazko jarduerez gozatzea, eguneroko erabilerarako eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko tresnak eskainiz.
2025 Egutegia eta Astola aldizkariaren 18. zenbakia izango dira Gerediaga Elkarteak bere erakusmahaian izango dituen nobedadeak. 2025ean, Gerediaga Elkarteak 60 urte betetzen dituela adierazten du egutegiaren azalak eta elkartearen artxiboko argazki zaharrak nabarmentzen dira, asko elkarteak berak antolatutako ekitaldien erakusgarri.
Astola aldizkariaren 18. zenbakiaren azalean Nestor Basterretxea artista nabarmentzen da. Aldizkariak argitaratzen dituen bederatzi ikerketa lanetako bat berari eskainitakoa da. Artista bermeotarrak Durangaldean hainbat eskultura ditu eta eskualdearekin harreman esanguratsua izan du. Tartean, 2012ko Durangoko Azokako kartela berak egin zuen.
Gerediagaren erakusmahaian, bisitariak, elkarteko bazkide izateko aukera ere izango du. Urtero 30 euroko kuota ordainduta, eskualdeko ondarea zaintzen, ikertzen eta zabaltzen laguntzeaz aparte, doan jasotzen ditu bazkideak Egutegia eta Astola aldizkaria.
Durangoko Amankomunazgoaren babesarekin, bestetik, Ikerlari Gazteen Sariketa berriaren deialdia prest dugu eta informazio zehatza jasotzeko kartela izango da erakusmahaian